Ondartxo pasealekuko partzelaren jabeei segurtasun lanak egiteko eskatuko die udalak
Pasaiako Udalak, "prozedura legalei jarraiki", Ondartxo pasealekuko jabeei beharrezko lanak gauzatzeko eskaera luzatuko die hurrengo egunetan. Haiek egin ezean, udalak ekingo die lanei (jabeen kontura betiere).
Hirigintza zinegotzi den Nahikari Oterminek adierazi du prozedura legala “hitzez hitz” jarraitu duela udalak, eta guztiz bidegabekoa litzakeela pasaitar guztien artean jabeei legitimoki dagokiena ordaindu behar izatea. Udal arduradunek aditzera eman dutenez, datozen egunetan partzelaren jabeei eskatuko zaie beharrezko segurtasun lanekin hastea. Eurek ezezkoa emango balute, udala bera litzateke modu subsidiarioan lanei ekingo liekeena, jabeen kargupean betiere.
Ondartxo pasabide inguruan lehen luiziak gertatu zirenetik, Pasaiako Udalak bertako lurren jabeei eskatu zien beharrezko konponketak egiteko eta baita mendi-magalaren egoeraren berri emateko ere. “Hainbat saiakeraren ostean”, eta jakinik pasealekuak pasaitarrentzat garrantzi handia duela, udalak txosten geologiko bat gauzatzeko enkargua egin zuen. Dokumentu hau Pasaiako Portu Agintaritzaren esku dago orain, eta eurei dagokie, hain zuzen, pasealekua irekitzeko edo itxita mantentzeko erabakia hartzea. Horretarako, baina, herritarren segurtasuna bermatuko duten lanak aurrera eraman beharko dira.