Donibaneko jolas eremu berriaren lanetan parte hartzera deitu dute
Elementu naturalak oinarri izango dituen "jolas-basoa" auzolanean eraiki nahi dute. Uztailaren 16ean izango diren ekintzekin bat egiteko deia luzatu die udalak familia, herritar eta, "batez ere, Donibaneko haurrei".
Uztailaren 16ean Donibaneko basoa izenez ezagutzera eman duten jolas eremu berria eraikitzeko lanei ekingo zaie. Pasaiako Udalak adierazi du auzolana izango dela “udako ekintza”, eta egun horretan ekimenarekin bat egitera bultzatu ditu herritarrak. Goizeko bilera 10:00etan izango da jolaslekuan bertan, eta arratsaldean 15:00etan ezarri dute hitzordua, eremu berdinean. Zenbat jende bilduko den aurreikusteko, aldez aurretik izena eman beharko da.
Deialdiarekin batzera deitu dituzte herriko familiak, bizilagunak eta, “batez ere, haurrak”. Izan ere, azken hauek izan dira jolas-eremuaren diseinuaren ardatz eta sorkuntzan euren parte hartzea sustatzea garrantzizkotzat jo dute arduradunek. Parke hau orain arte inguruan daudenetatik “oso bestelakoa” izango da, elementu naturalekin “baso-parke” bat sortzea baita ideia (enborrak, indioen tipia, hari-eskailerak… egongo dira, besteak beste).
JJ Otaegi plazaren eta frontoiaren arteko tartean haurrek diseinatutako “sorkuntza bateratu bat” egiteko proposamena 2019ko azaroan abiatu zen, eta apirilerako amaitzea zen asmoa. COVID-19ak eragindako etenak aurreikusitako epeak betetzea eragotzi du eta, ondorioz, uda honetan eman nahi zaio prozesuari amaiera.