Herritarren babes zabala jaso du EH Bilduk Errenteria-Oreretan
Erraz gailendu da koalizio subiranista gaurko bozetan. EH Bildu da gora egin duen, nabarmen gainera, indar politiko bakarra, udalerrian lortua duen nagusitasuna sendotuz.
Garaile argia gaurko hauteskundeetan. EH Bildu izan da boto gehien jaso duen indar politikoa Eusko Legebiltzarrerako gaurko hauteskundeetan; ez hori bakarrik, 2016ko emaitzekin alderatuta gora egin duen alderdi politiko bakarra izan da, eta horrek, Errenteria-Oreretan lortua duen nagusitasuna sendotu du. 5.236 boto eskuratu ditu gaur koalizio subiranistak, botoen %35,86. Zehazki, aurreko legebiltzarrerako hauteskundeetan baino 523 boto gehiago. Gora egin duen alderdi bakarra izan da.
Atzetik, bigarren postuan, duela lau urte bezala baina aurten alde handiagoarekin EH Bilduren alde, EAJ. Alderdi jeltzaleak 3.693boto lortu ditu (%25,29), duela lau urteko hauteskundeetan baino 389 boto gutxiago.
Alderdi sozialistak postu bat gora egin du eta boto gehien lortu dituen hirugarren alderdia izan da gaurkoan; hala ere, sozialistek boto dezente galdu dituzte aurreko legebiltzarrerako hauteskundeekin alderatuta: 2.934 boto (%20,09) lortu dituzte, duela lau urte baino 269 boto gutxiago.
Galera handiena Elkarrekin Podemos-IUk izan du gaur Errenteria-Oreretan, 2016an lortu zuen hirugarren postutik laugarrenera pasa da gaur 1.629 boto lortuta (%11,15) duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, 1.941 boto galduta.
PP-Cs koalizioak ez du lortu indarrak meattzea eta 2016an —bakoitza bere aldetik aurkeztu zen— 1.466 boto lortu bazituzten ere, gaur 633 boto baino ez dituzte jaso. Vox alderdi ultraeskuindarrak, berriz, 170 boto lortu ditu (%1,16). Ultraeskuindarrak Errenteria-Oreretan izan dira gaur nahiz eta udal hauteskundeetara zerrendarik ez zuten aurkeztu eta beraz, ez duten udalerrian ordezkaritzarik.
Gaurko protagonistak maskarak, gel hidroalkolikoa, distantzia fisikoa segurtasuna bermatzeko eta abstentzioa izan dira. Errenteria-Oreretaren kasuan, %51,52koa izan da, 2016an baino 8 puntu altuagoa.
- EH Bildu: 5.236
- EAJ: 3.693
- PSE-EE: 2.934
- Elkarrekin Podemos-IU: 1.629
- PP+C’s: 633
- Vox: 170
- Equo-Berdeak: 124
- PACMA/ATTKAA: 84.
- Aulki Zuriak: 44
- Zero Murrizketa: 19.
- Euskadiren aldeko Libreak: 11.
- Bidezko Mundurantz:7.
- UCDL: 4.