Oiartzunen "berezitasunak" bisitatzera gonbidatu du udalak
Oiartzunek bat egin du UEMAren Bertatik Bertara egitasmoarekin. Barne turismoa, bertako produktuak eta hizkuntza ezagutarazteko programa da.
Oiartzunek bat egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMAren) Bertatik Bertara egitasmoarekin. Helburua da udalerri euskaldunetan barne turismoa, bertako produktuak eta bertako hizkuntza sustatzea.
Udalaren webgunean publikatutako elkarrizketa batean, Iosune Cousillas eta Josu Delgado zinegotziek —Kultura eta Euskara sailetakoak, hurrenez hurren— Oiartzunek eskaintzeko zer duen nabarmendu dute. Delgadoren esanetan, herriak baditu beste tokietan aurkitzen zailak direnak: “Nabarmena da eskualdeko herriek eta guk izan dugun bilakaera desberdina azkeneko berrogeita hamar urteetan bereziki. Bilakaera horrek bestelako paisaia utzi du herrian, hizkuntza-paisaia ere bai, noski”.
Horregatik, Euskara zinegotziari iruditzen zaio UEMAren kanpaina egokia dela, Oiartzunen izaerarekin bat egiten baitu.
Oiartzungo hainbat txoko zerrendatu ditu Delgadok: Aiako Harria natur parkea; Arditurriko meatzeak, Luberri eta Soinuenea; bidegorria; eraikin historikoak; jatetxeak; landa-etxeak; igerilekuan… eta euskara. “Hizkuntza ez dugu bazter batean zokoratua edo museo batean izoztua; oiartzuerak kalea hartzen du, herriko bizkarrezurra da”, gaineratu du Delgadok.
Eraikinak
Cousillasek ondare materialari eman dio garrantzia. Fermiñene XVII. mendeko eraikina eta Arizmendi-enea —XVIII. mendekoa— aipatu ditu, baita udaletxea ere. Hori 1678 urtean eraiki zuten.
Handik ez oso urruti daude Done Eztebe eliza eta Cavalle-Coll organoa. Urrats pare batera dago egun liburutegia den eraikina, garai batean erromesen egoitza zena.
Zortzi auzok osatzen dute Oiartzun, eta horiek elkartzen dituela Arditurriko Bide Berdeak gogorarazi du Kultura zinegotziak. Altzibartik Artikutzara dagoen bide berdea ere aipatu du, nahiz eta ez dagoen guztiz seinaleztatuta.
“Bestetik”, jarraitu du Cousillasek, “gaur egun bi errota mantentzen dira martxan eta bisitatu daitezke: Yurrita Ugaldetxon eta Arrasku errota, Karrikan. Beloaga gaztelua ere badago Gurutze auzoan, Erdi Arokoa. Zaharberrituta dago eta ondare izendapena du. Zoragarria da hara gerturatzea”.
Oiartzuarrei deia
Oiartzuni errepasoa eman ondoren, oiartzuarrei gonbita luzatu diete, herri euskaldunak bisita ditzaten. Delgado: “Herri euskaldunak ezagutzeak berriki arte euskararen lurraldea nolakoa izan den ulertzen lagunduko digu; ezagutza horrek balio du gaur egun hautsi samartua dagoen lurraldea nola duela ez aspaldi kohesionatua zegoen irudikatzeko”. Iragana irudikatzeak etorkizuna proiektatzea dakarrela ziurtatu du Delgadok.
Horrez gain, herri euskaldunetako hizkuntzaren erabilerak bisitarien motibazioa sendotzen duela gaineratu du Euskara zinegotziak. “Era berean, ezagutza handitzeko aukera ematen du, euskararen bizi-indarra etengabe elikatuz”.