Euskal presoen aldeko kilometroak batzera deitu dute
Izan Bidea iniziatibaren barruan ibilaldia egingo du Sare Herritarrak bihar Errenteria-Oreretan.
Izan Bidea iniziatibaren barruan ibilaldia egingo du Sare Herritarrak bihar Errenteria-Oreretan. Euskal preso eta iheslarien aldeko aldarria auzoz auzo zabalduko du gainera, eta etxean nahi dituztela esango dute beste behin ere. Hitzordua Herriko Plazan egin dute, 12:00etan. Handik abiatuta bost kilometroko bidea egingo dute, eta hala Iztieta (12:10ean anbulatorioan), Alaberga (12:20 auzo elkartearen plazan), Beraun (12:45 Galtzaraborda Hiribidean), Pontika (12:55ean Pontikako plazan) eta Gaztaño (13:15 Mikel Arrietaren etxe parean) zeharkatuko dituzte.
Oreretako bi euskal preso daude larri gaixo diren presoen zerrendan, Mikel Arrieta eta Aitzol Gogorza. Biak dira GAztañokoak. Horregatik amaituko dute bertan ibilbidea. Arrietak, Espondilartropatia kroniko seronegatiboa HLA B 27 du, gaixotasun kroniko, degeneratibo eta sendaezina. Gorputz adarretan eragiten dio gaitzak, eta oso mingarria izateaz gainera, oldarkorra dela nabarmendu dute. Algecirasko (Andaluzia, Espainia) espetxean aurkitzen da preso Arrieta, etxetik 1.100 kilometrora. Nahasmen obsesibo konpultsiboa du Gogorzak eta espetxealdi arinduan zigorra etxean betetzen ari bada ere, preso jarraitzen du.
Ekitaldiarekinamaituko dute biharko ibilaldia, Arrietaren etxe parean.