‘Zentenarioa’, aurten birtuala
'Zentenarioa'-k mendeurrena beteko du aurten, Joxe Mari Iraolak jaiak harekin hastea erabaki zuenetik. Jairik ez da izango, baina bai egitarau birtuala, eta EMKEk ez du hutsik egingo. Lan handia egin du konfinamenduan.
EMKEren banda ez da elizako eskaileretan izango aurten, ezta Herriko Plaza lepo txupinak eztanda egin eta Zentenarioa-ren notak entzuten eta dantzatzen hasteko zain. Zentenarioa entzun, entzungo da, ordea. Hori bai, birtuala izango da emanaldia, egungo egoerak agintzen duen moduan.
Hori horrela izan dadin eta Zentenarioa-k huts egin ez dezan gogor lanean ari dira EMKE eta hura osatzen duten familiako kide guztiak. Emanaldi ederra iragarri dute Josu Mitxelena presidenteak eta Alain Aierdi zuzendariak, «baina ez dugu ezer gehiago aurreratuko». Sorpresa, beraz, astearte arratsaldera arte mantenduko dute. 19:00etan puntuan EMKE Bandaren web orrian edo Herri Biziaren web orrian ikusi ahalko da. Ez da zuzenekoan bezala izango, baina emozioa ziurtatuta dago musika banda tartean izanik.
Ez da bertan behera gelditu diren madalenen testuinguruan EMKEk antolatu duen online emanaldi bakarra. Izan ere, madalenen egun handian, hilaren 22an, Madalen Kontzertu Nagusia eskainiko du bi webgune horien bidez, 12:30ean hasita. Azken hitzordu birtuala, berriz, hilaren 25ean helduko da: madalenen amaierako dantzaldia ere eskainiko du musika bandak. 23:30ean hasita, EMKE ROCK banda entzuteko aukera izango dute errenteriarrek, eta ikuskizuna osatzeko bandako musikariekin batera arituko dira Ainara Ortega abeslaria eta Luis Mari Moreno Pirata musikaria.
Diskoaren banaketan atzerapena
Errenteriarrentzat hain kuttuna den Zentenarioa pasodobleak mendeurrena ospatuko du, gainera, aurten. Iaz 100. aldiz jo zuen musika bandak madalen jaien atarian, baina aurten 100 urte beteko dira hilaren 21erakin batera, Jose Ervitik idatzi zuen pieza jaiak hasteko aukeratu zuela Joxe Mari Iraolak 1920. urtean.
COVID-19a gorabehera, inoiz baino biziago dago EMKE. Hala erakutsi du; izan ere, berrogeialdiak iraun artean ez dira geldirik izan musikariak eta lan handi horren eta esfortzuaren emaitza dira hilaren 20an argia ikusiko duen diskoa, egun berean zabalduko duten argazki erakusketa, eta hilaren 31n egingo duten A Igarondo dokumentalaren aurkezpena.
Diskoa eta erakusketa Zentenarioa-ren mendeurrenarekin lotuta datoz. Xenpelar Etxeak hartuko du El Centenario (1920-2020) Herri baten doinu eta taupada erakusketa astelehenean hasi eta hilaren 31 bitartean. Iñaki Erkiziak erakusketa hori osatzeko egin duen lan eskerga nabarmendu dute Mitxelenak eta Aierdik. 17:00etatik 20:00etara izango da zabalik.
Izenburu bera du diskoak, eta EMKEk Zentenarioa-ren mende bateko historia bildu du bertara lau bertsioren bidez: «Ezaguna dugun bertsioa; 1980ko hamarkadakoa; originala —estudiantina batek jotzeko sortua zen, flauta, pandereta eta gitarrekin—; eta Luis Mari Moreno Pirata-k Errenteriaren 700. urteurrenerako sortutakoa». 500 kopia aterako dituzte, astelehenetik aurrera izango zirela eskuragarri esan zuen EMKE Bandak, baina COVID-19ak eragindako egoerarengatik atzeratu egingo da banaketa hori egun batzuetan. Bazkide guztiei beraz, oraindik bila ez pasatzeko eskatu die EMKEk, beraiek jakinaraziko dutela noiz izango diren diskoak jasotzeko prest, eta barkamena eskatu diete atzerapenarengatik, arazoa beraiek ez badute eragin ere.
Eta hori gutxi balitz, A Igarondo dokumentala osatu du EMKEk, Torre Muskiz kondeak idatzitako piezaren historiaren inguruan: «Piezaren edizio berria egin dugu, gure herrian San Inazio martxak baino arrakasta handiago izaten du egun horretan egiten dugun kontzertuan. Lan handia egin du Anjel Brizek, armonia landu dugu».
Pieza horren gaineko zehaztasun gehiago eman ditu Mitxelenak: «Gobernadore zibilak debekatu egin zuen, baina Errenterian, ez dakigu zer arrazoirengatik, jarraitu zuten jotzen. Jotzeko unean, Gernikako Arbolaren txanda heltzen zenean, ikusleak abesten hasten ziren eta zutik jarri ditu».
San Inazio kontzertua
Pandemia hasi zenetik lehenengo zuzeneko emanaldi presentziala egingo du bandak San Inazio egunean. Bertaratzeko gonbidapena ezinbestekoa izango da, osasun eta higiene neurriak zorrotz betetzeko. Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastoki estalian izango da, 22:30ean. Gonbidapenak, Niessen Kulturguneko harreran eskura daitezke.