Alabortza inguruetako zabor-bilketan udalaren utzikeria salatu du Eguzkik
Eguzki Oarsoaldeak salatu nahi izan du Donibaneko bizilagunak sufritzen ari diren "utzikeria" egoera, bereziki, Alabortza eta Arrokaundieta inguruetan asteburuetan dauden zabor pilaketengatik.
Alabortza eta Arrokaundieta inguruko pasealekua “garbi nahi dutela” aldarrikatu du Eguzki taldeak. Erakundearen arabera, Pasaiako Udalaren inplikazioa eremu haietako zabor-bilketan ez da nahikoa, eta gobernuaren “zorroztasun eza” salatu nahi izan dute.
Zabor pilaketak, gehien bat, asteburuan ematen dira. Eguraldi onarekin, ehunka herritar hurbiltzen dira Alabortza inguruko uretan bainuak hartzera edota meriendatzera, eta zaborra bidoietara botatzera doazenean, azken hauek “gainezka” egon ohi dira, askotan gainera, aurreko egunetik; izan ere, zabor-bilketa zerbitzua bertan behera gelditzen da asteburuetan, “beharrezkoenen denean, alegia”.
Zaborraren arazoa mahaigainera ateratzeaz gain, Eguzkik azpimarratu nahi izan du utzikeria egoera berbera dagoela asteburuan herriaren zaintza lanekin. “Ez da normala” Alabortzan zegoen komun publiko bakarra suntsitu izana eta, ordutik, hau konpondu ez izana. Bidegabekotzat dute “ondorio horiek herritar guztiek ordaindu behar izatea”.
Egoeraren aurrean, Eguzkik udalari hainbat neurri hartzeko eskaera luzatu dio, haien artean, zabor-bilketa zerbitzuak ugaritzea (asteburuan behintzat) eta inguru horretan dauden zaintza lanak zorroztea.