Liburuaren eguna ospatuko dute bihar
Bizi Errenteria programaren dinamizazioaren barruan antolatu duten ekintzetako bat da.
Ez ohiko datetan heldu da, COVID-19aren osasun larrialdiak eraginda, baina liburuaren eguna ospatuko dute Errenteria-Oreretan. Bihar izango da hori, eta Bizi Errenteria programaren dinamizazioaren barruan antolatu duten ekintzetako bat da. Bertara, lau liburutegi eta herriko bestelako sektoretako hamabost saltoki batu dira. Liburutegiak honakoak dira: Ana Rojas, Mirentxu, Noski, eta Xenpelar Kultur denda. Liburu denda horietako liburuak erakutsiko dituzte beste hamabost saltokietan, erakusleihoetan beren ohiko salgaiekin nahastuta eta Irakurtzeak jantziagoa egiten zaitu lelopean. Izan ere, nonahi zernahi eskaintzeko gaitasuna duela irakurketak erakutsi nahi dute ospakizunaren bidez.
Hala, El Saltarin haurren zapara denda, Tu Salud es Natural dietetika zentroa, Osina Ekogunea, Mugo Poltsak, Ami Oihalak, Mariasun Lentzeria, Paris Mertzeria, Bitxi Kolore, Xenpelar Optika, El Candao burdindegia, La Coquine eta Sua dekorazio dendak eta Lilura, El Tocador de Wendy eta Sweet Lady arropa dendetako erakusleiho eta apalak liburuz zipriztinduko dira herritarrei eta erosleei irakurketarako gonbita eginez.
Irakurketa eta literaturaren aldarria egingo dute noski, baina harago doa ekintza: Errenteria-Oreretako establezimendu sare aberats eta biziaren barruan, sektoreen arteko elkarlana akuilatzea, beti ere, herriko ekonomia suspertzeko bide gisa.
Gainera, herritarrek, bertako establezimenduen eskaintza oparoa eta kalitatezkoa ezagutu dezaten bultzatu nahi da.