'Izan bidea' bizikleta martxa, bertan behera
Basauriko espetxea eta Bilbo lotuko dituen bizikleta martxa baino ez dute mantendu larunbaterako, segurtasun neurriak bermatzen direla ziurtatzeko.
Sare Herritarrak antolatuta Izan Bidea bizikleta martxaren hirugarren ekitaldia hilaren 25ean heltzekoa zen Oarsoaldera. COVID-19a azken egunetan izaten ari den eragina dela-eta, bertan behera geldituko dira ordea, egitekoak ziren lau bizikleta ibilbideetatik hiru: Martuteneko espetxea eta Donostia lotzen zituena; Zaballako espetxea eta Gasteiz lotzen zituena, eta Iruñeko espetxea eta Iruñea lotzen zituena. Hala, Basauriko espetxea eta Bilbo lotuko dituena soilik mantendu dute segurtasun eta osasun baldintzak modu egokian betetzen direla ziurtatzeko. Azken hori, 09:00etan abiatuko da larunbatean Basauriko epsetxetik eta San Mames parean amaituko da.
Euskal preso eta iheslarien aldeko aldarria lau haizetara zabaltzea du helburu dinamikak; konponbidearen aldeko alea da.
Sei preso, 3.630 kilometro
Oreretako sei euskal preso daude une honetan Sare Herritarrak eman dituen datuen arabera: Mikel Arrieta Llopis, Eider Perez Aristizabal, Juan Manuel Inziarte Gallardo, Jesus Mari Etxeberria Garaikoetxea Goierri, Xabier Goienetxea Iragorri, eta Aitzol Gogorza Otaegi.
Arrieta eta Perez Aristizabal Algeciraseko (Andaluzia, Espainia) espetxean daude etxetik 1.100 kilometrora; 1.000 kilometrora aurkitzen da Goierri ere Cadizko Puerto III espetxean; Inziarte Topas (Salamanca, Espainia) espetxean dago, 470 kilometrora; eta Goienetxea Okzitaniako Mont de Marsan espetxean aurkitzen da, etxetik 140 kilometrora. Gogorza, berriz, etxean dago preso. Sei presoen artean 3.630 kilometro batzen dituzte.
Arrieta eta Gogorza gainera, larri gaixo daude. Arrietak, Espondilartropatia kroniko seronegatiboa HLA B 27 du, gaixotasun kroniko, degeneratibo eta sendaezina. Gorputz adarretan eragiten dio gaitzak, eta oso mingarria izateaz gainera, oldarkorra dela nabarmendu dute. Nahasmen obsesibo konpultsiboa du Gogorzak eta espetxealdi arinduan zigorra etxean betetzen ari bada ere, preso jarraitzen du.
Horien egoerari Eider Perezek eta espetxean dagoen haren bikotekideak adin txikiko sema dutela gehitu behar zaio. Motxiladun haurra da, ama eta aita ditu espetxean etxetik 1.100 kilometro baino gehiagora. Gainera, COVID-1i9aren pandemiaren eraginez hilabeteak eman ditu gurasoak ikusi gabe. Haur Motxiladunen gaineko saio berezia egin zuen Xabier Madariagan ETB1eko Ur Handitan programan.