Pasaiakoak ez diren taldeetako zaleak ezingo dira igandeko estropada ikustera hurbildu
Estropadetan parte hartuko duten kluben zaleak ezingo dira igande honetan Pasaiako badiara hurbildu, bertakoak ez badira. Udaltzaingoak iragarri du neurri "zorrotzak" hartuko direla, osasuna eta segurtasuna bermatzeko.
Pasaiako Udaltzaingoak aditzera eman du kanpoko arraun taldeen zaleak ezingo direla gerturatu Pasaiako badiara, bertan, igande honetan (hilak 26) izango diren estropadak ikustera. Jende pilaketak saihesteko asmoz, bertakoak ez direnei ez zaie San Pedro eta Donibanera sartzen utziko.
Hiru traineru-estropada jokatuko dira igandean: ETE ligako laugarren estropada 11:00etan hasiko da; ordubete beranduago, 12:00etan, KAE1 mailakoak lehiatuko dira, eta arratsaldean (18:00etan) KAE2 ligako gizonak.