Presoen aldeko pankartak kentzeko eskatu dio PSE-EEk alkateari
Halako egoerek ez dutela ezberdinen arteko bizikidetza laguntzen erantsi du PSE-EEren bozeramaile Jose Angel Rodriguezek, eta alkateari pankarta eta kartelak kendu eta pintadak garbitzeko eskatu dio, "bizilagunentzat lotsagarria delako".
“Errenterian soberan daude ETAko presoen aldeko kartelak, pintadak, pankartak, eta alkateari kentzea eskatzen diogu”. Horiek PSE-EEren bozeramaile Jose Angel Rodriguezen hitzak euskal presoen alde herriko kaleetan jarrita dauden pankarten harira.
Urtero jaiekin batera Errenteria-Oreretako euskal preso eta iheslariak oroitzen dituzten pankartak jartzen dituzte kalean. Eta aurten, jaiak bertan behera gelditu badira ere, haien aldeko aldarriak hutsik egin gabe hartu ditu kaleak.
Rodriguezen iritziz, portaera horiek “biktimak eta demokratak sentitzen garenak umiliatzen gaituzte eta anitza den udalerrian soberan daude”. Halako egoerek ez dutela ezberdinen arteko bizikidetza laguntzen erantsi du, eta alkateari pankarta eta kartelak kendu eta pintadak garbitzeko eskatu dio, “bizilagunentzat lotsagarria delako”.
Halako jarrerek, bide luzea dagoela egiteko erakusten dute Rodriguezentzat, “praktika zaharrak erradikatzeko”.