Arrasto digitala sortu nahian
UEUk Humanitate Digitaletan duen ezagutzak Torrekuan hartuko du ostatu. Eraikin historikoa dena etorkizuneko erreferente bihurtzeko urrats berri bat egin dute.
Torrekua eraikina udalerriko zaharrenetakoa da —XV. mendean eraiki zela uste dute ikerlariek—, eta herriaren babes harresiaren jagoleetako bat zen. Gaur egun, berriz, etorkizunari begira dagoen erakin zaharberritua da, ateak irekiak dituena.
Bertan ostatu hartu berri du Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) Humanitate Digitalen sailak. Orain arte Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiekin zerikusia duten proiektuei batuko zaio UEUren Humanitate Digitalen Ikerketa Gunea.
Irakurleak honez gero bere buruari galdetuko zion ea zer diren Humanitate Digitalak. Xabier Landabidea ikerketa gunearen koordinatzaileak argi utzi du, lehenik eta behin, boladan dagoen termino bat dela, nahiz eta ordenagailuak sortu zirenetik existitzen den zerbait den, Roberto Busa jesuitak estreinakoz Biblia digitalizatu zuenetik. «Mundu osoko unibertsitateak hasi dira honi buruz hitz egiten: karrerak sortu dira, graduondokoak, irakasgaiak…», esan du Landabideak.
Humanitate digitalak aterpe zabala dira, diziplina askok leku izan dezakete
Boladan egotearen arrazoia gizakiek teknologiarekin duten harremana ikertzen duelako da, bere ustez. Beste hainbat esparrutan gertatzen den bezala, bi bando bereizi ditu Landabideak: «Batzuek esaten dute teknologiek beren bidea neutralki egiten dutela. Humanitate digitalek, berriz, esaten dute pertsonok zein harreman daukagun teknologiekin». Landabideak bigarren talde horretan kokatzen du bere burua, uste baitu tresna bat sortzearekoan ez dela neutrala, ez dela harreman hotz bat ematen. Gizakiek tresnei forma ematen dietela baietsi du, baita tresnek gizakiei ere bai.
Tresna sinple baten adibidea jarri du, arkatzarena: «Arkatza sortzen duzunean, alfabeto bat sortzen duzu, eta idazten hasten zarenean, gauzak gertatuko zaizkie zure ahozkotasun, memoria eta kolektiboari. Hasiko zara ipuinetan jasotzen gertatu dena, edo kontabilitatea garatuko duzu, edo mitoak sortuko dira… Teknologia bat sortzen duzunean ez da aparte flotatzen ari den zerbait, eguneroko bizitzarekin lotura duen zerbait da, baita botere harremanekin ere».
Arkatza eta paperarena baino konplexuagoa da mundu digitalizatua. Edozein momentutan bidal eta jaso daiteke informazioa, munduko edozein tokitan. «Horrek», zehaztu du, «ezinbestean, aldaketak eragingo ditu gure ordenamenduan». Humanitate Digitalek, beraz, planteatzen dute zer egin beharko litzatekeen digitalizazio horrekin; zein harreman duten ezagutzarekin.
Adibide bat jarri du: «Orain arte bagenekien euskara hitz egin eta idatz zitekeela, baina Twitterren sorrerarekin, sare sozial horretan idazteko moduari erreparatzen badiogu, zerikusi txikia dauka orain dela 50 urte idatzi esaten zitzaionarekin. Twitterren berehala idazten dugu; milaka lagunek aldi berean irakurri eta erantzun dezakete; erabiltzen ditugu gifak eta emojiak… Idazketaren kontzeptua aldatu da. Humanitate Digitalen ikuspuntutik, azaldu beharko genukeena da zer gertatzen ari den plataforma horiekin eta, adibidez, euskararekin». Horrela, euskararen «sasigramatikak» sortu direla esan du, «ortografia punk» edo ikono eta gifdun idazkerekin.
Humanitate digitalak aterpe zabal bat direla azaldu du, hainbat diziplinek leku izan dezaketena. Batzuek esaten dute zientzia puruetatik hurbilago daudela, beste batzuek gizarte zientzietatik. Hala ere, Landabidearentzat, interesgarriena da zabaldu den diziplina arteko eztabaida: «Konplexutasun honetan, injeniari batek ezin ditu kontuan eduki aldagai soziologiko guztiak; soziologo batek ez badu ezagutzen nola dauden eraikita teknologia horiek, gabezia handiak izango ditu gauzak ulertzen. Teknologia eta gu, gu eta teknologia», ebatzi du.
Lurralde ezezaguna
Digitalizazioarena, eremu hain berri eta zabala izanik, lurralde ezezaguna da, inoiz inor sartu ez dela dirudien oihan baten antzekoa. Gatazka egoten da akademikoen artean, ez baitute adosten noiz hasi eta noiz bukatzen diren Humanitate Digitalak.
Akademikoen arteko eztabaidetako bat da nork parte har dezakeen esparru horretan. Modu sinplean adierazi du Landabideak: «Alde batek esaten zuen mundu guztia dagoela festa honetara gonbidatuta, transbertsala eta indartsua delako, eta horregatik mundu guztiak dauka zerbait esateko. Beste aldeak, berriz, Humanitate Digitalen barruan bakarrik har ditzake programazio hizkuntza ezagutzen dutenak».
Humanitate Digitalen kontzeptuari errepaso orokorra alde batera utzita, Errenteria-Oreretan egingo den lanari buruz aritu da UEUko kidea. Errenteriako Udalak 20.000 euroko diru partida bideratu dio, oraingoz, ikerketa guneari. Arnas luzeko proiektua izateko asmoarekin jaio da, eta behetik gora sortuko dena. «Sarritan piroteknian erortzen gara: zerbait antolatu, urtebeteko jarduera du, eta desagertu egiten da. Guk alderantzizko zerbait egin nahi dugu: marko bat sortu, esperimentatzeko, elkarlanerako eta hausnarketarako. Hor klabea izan da Oarsoaldeak, eta Errenteriak konkretuki, badakitela zein den herriaren oraina, ekonomikoki eta produktiboki, eta non egon daitekeen etorkizunean».
Digitalizazioaren aroan Errenteriak zer egin dezakeen da proiektuaren asmoa
Errenteria-Orereta bere burua berrasmatzen ari da, berriro herri industriala izango ez dela onartuta. Etorkizun postindustrial horretan digitalizazioak zein aukera eman ditzakeen ikertzea izango da lan nagusia. «Erronka zabalegia da, eta pentsatzen zen unibertsitatearen, udalaren eta enpresen arteko hesiak bota behar zirela, espazio fisiko eta sinbolikoa sortu eta elkarrekin etorkizuna imajinatzeko», adierazi du.
Hiru erakundeen arteko elkarlana garrantzitsua iruditzen zitzaion Landabideari, diziplina artekotasun hori ongi islatzen duelako. Onartu du hasieratik ezin zutela bakarrik jo, eta elkarrekin joanda ere, gauza askok ihes egingo dietela. «Hala ere», esan du, «ezberdinen artean hausnarrean ikusiko dugu panoramaren argazki osoago bat, eta erantzun praktikoak aurkituko ditugula».
Nabarmendu du pandemia garaian argi geratu dela multinazionalak —Amazon bezalakoak, adibidez— ari direla mundu digitalizatuan aurrea hartzen. «Errenteriak zer egin dezakeen pentsatu nahi dugu, baita ere diseinatu unibertsitate zein kooperatibetatik gizartearentzako onuragarriak diren errezetak. Gauza abstraktu eta teorikoa dirudi, baina elkarrekin pentsatu eta egin, eta eginez pentsatzeko proiektua da».
Herriarentzako izango den egitaraua ondu dute, hiru osagairekin
UEUren Ikerketa Guneak jaso duen lehen lan enkarguetako bat da herriarentzako egitarau bat sortzea. «Honek ez du bolizko dorre bat izan behar, non lau listok pentsatzen ditugun inork ulertzen ez dituen gauzak», esan du Xabier Landabidea koordinatzaileak. Torrekua ardatz izango duen egitarau hori hiru multzotan banatu dute.
Lehenik eta behin, Errenteria-Oreretaren historiari errepaso bat emango diote, teknologia eta gizartearen ikuspegitik. Lehenengoan, Lourdes Odriozolak kontatuko du udalerriak zein harreman izan duen itsasoarekin, eta arrantza eta ontzigintzak zein eragin izan zuen egun den hori izateko.
«Itsasontziak egin eta joan-etorrietarako erabiltzen ziren, baina ez da horretan geratuko, kontatuko baitu zein forma eman zion herriari, eta hori gabe ezingo litzatekeela ulertu Errenteriaren historia. Are, ezingo litzatekeela Euskal Herriaren historia ulertu itsasorik gabe», adierazi du Landabideak.
Bigarren hitzaldian Miguel Angel Barcenilla arituko da hizketan. Lehen industrializazioa izango du hizpide. Industria klasiko horri begirada emango dio: zerk egin zuen posible Errenteria-Oreretak industria hura izan zezan. Hirugarrena, berriz, etorkizunari buruzkoa izango da, gizarte postindustrialari buruzkoa. TEKS Sarea izango da posmodernitate, modernitate likidoa edo garai postindustrialari buruz aritzeko ardura izango duena.
Pandemia dela eta, solasaldi horiek presentzialak izateko aukerak murriztu dira: «Humanitate Digitalen gune bat garenez, eta proaktiboak izan behar dugunez, sarbidea eman nahi diegu han egon ezin daitezkeenei. Eta horrez gain, hitzaldiak eman eta airean gal ez daitezen, jaso nahi ditugu, eta erakusketa digital bat egin. Lan hori egitea Ereiten Kultur Zerbitzuei eskatu diogu».
Torrekua egoitza izango duen Humanitate Digitalei buruzko kongresu bat antolatuko dute. Iaz egin zuten lehenengo aldiz, eta arrakasta izan zela ziurtatu du. Helburua diziplina horri Euskal Herriko ikuspuntua ematea izango da, nahiz eta nazioarteko adituak ere etorriko diren. «Ez dugu nahi kongresu akademiko aspergarri eta serio bat egin, baizik eta interesgarria eta dibertigarria izango den zerbait», argi utzi du Landabideak.
COVID-19a aztergai
Hirugarren multzoari dagokionez, erakutsi nahi dute zer suposatu duen COVID-19ak. «UEUko sail guztiak gonbidatu ditugu pentsatzera ea zer suposatuko duen zientzia eta humanitateetarako. Erantzun interesgarria eduki dugu: kimikako, sexologiako, pedagogiako eta psikologiako departamenduetatik hasi dira bidaltzen haien kezkak, ondorioak eta hipotesiak», azaldu du. Datorren urtean argitaratu nahi dute.
Lanak lekukotza izateko bokazioa dauka. Landabideak uste du segituan zaharkituta gera daitezkeela ikerketa lan horiek, baina etorkizunerako interesgarria izan daitekeela esan du.
Torrekuako polo teknologikoa, agintaldiko lehentasunen artean
Errenteriako Udalak pasa den abenduan aurkeztu zuen 2019-2023 agintaldirako plana. Hilabete hauetan gauza asko pasatu dira, eta dena ikusteke dago oraindik. Hala ere, lehentasun haien artean laugarrena ekonomia sozial eta kreaktiboaren alde apustu egiteari dagokiona da, eta bertan agertzen da Torrekua. Errenteriako Udalaren helburua da teknologia subirautzako polo bat sortzea.
Udako Euskal Unibertsitatea hurbildu zen udalarengana, Eneko Del Amo Garapen Ekonomikoko zinegotziak gogorarazi duenez. «Hitzarmen hau planteatu zenean, ikusi genuen etorkizunari begirako aukera bat zela. Oso interesgarria iruditu zitzaigun prozesu bat abiarazteko», esan du.
Hori bai, argi dute prozesu hori ez dela egun batetik bestera emango, oraingoz beste erabilera batzuek ere Torrekuan babesa jasotzen dutelako, eta horiek bermatu nahi dituztelako. «Guretzat ere oso garrantzitsua da UEU bezalako erakunde bat gugana etortzea, eta beste enpresa teknologiko batzuekin lankidetzan aritzeko ikuspuntua daukate. Gure filosofiarekin bat egiten du horrek», gaineratu du.
Del Amok esan du Humanitate Digitalen kontzeptua ez dela oso ezaguna, eta UEUren eta udalaren arteko hitzarmenean jasotako puntuetako bat da terminoa sozializatzea. Ekintza formatiboak egingo dituztela iragarri du, baita jakintza landu ere.
Gisa horretako proiektu bat Errenteria-Oreretan kokatzearen garrantzia nabarmendu du zinegotziak: «Horrelako polo teknologikoak, gainera, Donostian edo Bilbon kokatu ohi dira, eta pentsatzen genuen ea zergatik ez Errenterian. Datozen urteetan garatuko den arlo bat izango da, eta guretzat oso interesgarria da aukera hori, bai produktiboki, baita ikerketa aldetik ere». Eta hori guztia, euskaraz, nabarmendu duenez.
Del Amok iragarri duenez, esku artean dute Torrekua marka bat bilakatzea.