Gaueko erronda Jantziaren Zentroan
Uztaileko bisiten ondoren, hurrengoak abuztuaren 8an eta 22an izango dira, gaueko hamarretan. Interesdunek izena eman beharko dute aldez aurretik. Euskal Herriko eta atzerriko jantzi historikoak ikus daitezke.
Gaueko hamarrak dira eta jendea pilatzen hasia da Errenteriako Kapitain Etxean. Segurtasun tartea mantenduz eta musukoa jarrita itxaroten dute bisitariek Jantziaren Zentroan sartu ahal izateko. Sarreran, gel hidroalkoholikoarekin garbitzen dituzte eskuak eraikinaren barrualdera sartu baino lehenago. Iraultza Dantza Taldeak orain dela hiru urte martxan jarri zuen museoak bisita gidatu berezia antolatu du. Beste udalerri batzuetako museoetan sarritan egiten den bezala, bisitariek gauean ikusiko dute museoa.
Museoaren arduradunek talde txikiak prestatu dituzte, batzuk lehenengo pisuan hasiko dute bisita gidatua; beste batzuk, ordea, azken pisura bertaratuko dira. Hori dena, beharrezkoak diren segurtasun tarteak mantentzeko eta bisita osoan zehar jende pilaketak saihesteko.
Azken hilabeteetan COVID-19ak XXI. mendeko gizartearen egunerokotasuna aldatu du. Ez da lehenengo aldia izurrite batek jendearen ohituretan aldaketak sortzen dituela, ordea. Izurriteen gaiari lotuta antolatu dute Jantziaren Zentroaren arduradunek egun ikusgai dagoen erakusketa. Herritarrentzat ohikoak bihurtu diren musukoek lehenengo momentutik hartzen dute protagonismoa beheko solairuan. Kasu honetan, 1918ko gripe pandemia irudikatzen da. Orduan, izurriteagatik populazio osoaren %1 hil zela jakinarazi du bisitaren gida den Ainhoa Mendiburuk.
Azkeneko pisuan jantzi zaharrenak aurkituko dituzte bisitariek. Ingeles eta frantses estiloko jantzi koloredunak, jendea aho zabalik uzteko modukoak. Ez soilik erakusten duten edertasunagatik, baizik eta horietako askok atzean dituzten kuriositateengatik. Gaur egun artifizialki lortzen diren koloreak modu naturalean sortzen zituzten XVIII. mendean. Sarritan, jantziak benetan eleganteak izan arren, koloreak lortzeko erabiltzen zen materiala kutsakorra izaten zen, eta emakume dezente pixkanaka gaixotzen ziren, ia konturatu gabe.
Goiko pisua atzean utzi gabe, Imanol Elizetxearen bilduma kokatzen da. Bertan, asteko etxezainen jantzi ezberdinak erakusten zaizkie bisitariei. Asteko etxezainen betebeharra erregearekin leku guztietara joatea zen. Alfonso XIII.a izan zen figura hori eduki zuen azken erregea. Pisu honetan dauden gainontzeko objektuak zapatak eta bestelakoak dira.
Erdiko pisuan XIX. mendeko jantziak daude, Viktoriar Arokoak. Solairu honetan dauden jantziak gelaren erdigunean kokatuta daude, eta bertara sartu baino lehen bisitariek atea zeharkatu beharko dute. Atearen zaindariak izango balira bezala, Errenterian ezagunak diren Xanti eta Maialen erraldoiak daude. 1919ko erraldoi originalak dira.
Krinolinak
Hirugarren pisuko jantzietan koloreak sortzeko materiala arriskutsua bazen, gauza berbera esan daiteke Viktoriar Aroko jantziei buruz. Emakume askok krinolina erabiltzen zuten XIX. mendean, hau da, metalez egindako egitura bat, arroparen azpitik jartzen zena, gonak hutsik mantentzeko. Honek pertsonen arteko distantzia handitzen zuen, ezinezkoa zelako hainbeste gerturatzea. Krinolinak bazituen bere alde negatiboak.
Batetik, oso zaila izaten zen egiturarekin mugitzea. Emakumeek orduak egiten zituzten prestaketetan, arropa janzteaz aparte, denbora dezente behar zutelako ilea orrazteko. Bestetik, krinolinak egiteko materialak oso modu errazean hartzen zuen su. Ainhoa Mendibururen esanetan, garai horretan leku askotan tximiniak erabiltzen ziren gelak berotzeko, eta emakume asko kiskalita hil ziren. Beste batzuk, ordea, gurditik jaisterakoan; gidariek aurrera jarraitzen zutelako berehala, eta batzuetan krinolinak gurpiletan kiribiltzen ziren, emakumeak arrastaka eramanez.
Atzerriko modak eragina izan bazuen ere, solairu guztietan daude Euskal Herriko jantzi originalak, identitate berezikoak. Azkeneko pisuan dago Oñatiko Ibarbia familiak museoari emandako ezkontza jantzi beltza. Erdiko pisuan, Viktoriar Aroko jantzien artean, Lapurdiko zein Baionako marradun eta koloredun jantziak daude, Donostiako jantzi beltz baten ondoan.
Hamaikak eta hogeitabost dira, eta gidak bere azken minutuak agortu ditu 1918ko gripe pandemian egondako moda azaltzeko. Sarrerako erakustokian, hasieran bisitariei ongi etorria eman dieten manikiek musukoak eramaten dituzte. Horien atzean dagoen panel erraldoiak garaiko Donostiako kaleak erakusten ditu. Moda, batzuetan, atzera bueltatzen da antzinako estiloak berreskuratzeko asmoarekin. Kasu honetan, musukoak berriro erabiltzearen arrazoia ez da estetikoa, gizartearen osasuna bermatzeko hartutako erabakia da. Garaiak ez dira hainbeste aldatu, eta izurriteei aurre egiteko tresnak ezta ere.
Gauerdia ate joka dagoela amaitu da gauean eskainitako lehenengo bisita gidatua Errenteriako Jantziaren Zentroan. Lehenengoaren atzetik, hurrengoak etorriko dira: abuztuaren 8an eta 22an izango dute jarraipena.
Interesdunek aldez aurretik eman behar dute izena, e-mail bidez, edo Errenteriako turismo bulegora deituta (943 49 45 21). Bisitariek musukoa eraman behar dute, bertako manikien modura. Modan ere, salbuespen neurriak, ezohikoa den egoera baterako.