[Galeria] Leiho ireki bat herriko arteari
Oiartzungo hamalau sortzaileren lanekin apaindu dituzte herriko zenbait komertzioren erakusleihoak, ‘Erakusleiho ARTEan’ erakusketa kolektiboarekin.
Erosketak egin, ilea apaindu edota kafetxo bat hartu bitartean herriko artearekin gozatzen ari dira azken egunotan oiartzuarrak, sorpresa ederra hartu dute askok. Erakusleiho ARTEan erakusketa kolektiboak txoko bat eman die herriko hamalau sortzaileri, euren lanekin zenbait komertzio eta txoko apaindu dituzte; kolorea jarri diote erakusleiho zein barruko apalei.
Marrazkiak, ilustrazioak, eskulturak, argazkiak, collageak, oihal estanpatuak… Askotariko sorkuntzak ikus daitezke beheko koadroan izendatutako komertzioetan, ederrak.
Hilaren 31era bitarte (ostirala da) bertan jarraituko dute artelanek. Gaur (hilak 24), gainera, erakusketa gertutik ezagutzeko ibilaldi gidatua eskainiko du Eider Bergaretxek. Artista bakoitzaren lanaren eta sormen prozesuen gainean sakonduko dute. 12:00etan lehen saioa egingo dute, eta bigarrena aldiz, 17:30ean. Gehienez 15 laguneko taldeak onartuko dituzte, eta musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da.
Erakusleihoak:
- Azkarren. Uxue Flamariqueren marrazkiak.
- Oskarbin. Belen Morenoren eskulturak, ilustrazioak eta foto irudiak.
- Kinkilan. Idoia Beratarbideren eskulturak.
- Killikupen. Onintza Etxebesteren argazki instalazioa..
- Numai zentroan. Ane Narbarteren marrazkiak.
- Txokolategian. Oskar Zapirainen argazkiak.
- Uriñan. Iosu Mitxelenaren marrazkiak.
- Marisolen. Iratz Inziarteren marrazkiak eta bolumena.
- Garbiñe estetikan. June San Sebastianen marrazkiak.
- Txintxostan. Ariane Errandonearen collageak.
- Orratzen. Allende Arnaizen argazki instalazioa.
- Zumitzen. Udane Ansaren marrazkiak eta oihal estanpatuak.
- Ludotekan. Haurrek Kolore Festa tailerrean sortutako lanak.
- Turismo bulegoan. Miren Idarretaren margolanak; Ainara Lasaren argazkiak; eta Alaiarten eskultura eta ilustrazioak.