Xabier Leteren prosazko lanak jaso dituzte 26. Mugarrin
Elixabete Perez Gazteluk, Anjel Lertxundik eta Haizea Saez de Eguilazek ondu dute 'Zerbitzuko lanean'. Oiartzuarraren lanak jasotzen ditu.
Oiartzungo Mugarri bildumako 26. zenbakia aurkeztu dute. Zerbitzu lanean du izena, eta Xabier Lete zenaren (Oiartzun, 1944-Donostia, 2010) prosazko lanak jasotzen ditu. Hain zuzen, aurten beteko dira hamar urte poeta, idazle eta musikari oiartzuarra hil zenetik.
Elixabete Perez Gazteluk, Haizea Saez de Egilazek eta Anjel Lertxundik egin dute liburua osatzeko lana. Azala, berriz, Idoia Beratarbiderek sortu du.
Perezek nabarmendu duenez, Lete batez ere poeta eta abeslaria zelako egin zen ezagun. “Bi arlo horiek itzalpean utzi dute Lete prosalaria. Liburu hau aukera ona izan zitekeen ezagutarazteko beste itxura horretan adierazten zela”, zehaztu du Perezek.
Leteren lehenengo prosa lana 1965ean argitaratu zuten, Zeruko Argia-n. 2011ra arte —hil ondoren argitaratu zioten azkena— idatzitako 89 artikulu jaso dituzte egileek, gehienak —67— euskaraz, eta gainontzekoak, gazteleraz.
“Ez da lan akademikoa”
Perezek argi utzi nahi izan zuen Zerbitzu lanean ez dela lan akademikoa, eta letezale bihurtzeko aukera izan daitekeela. Hiru zatitan banatuta dago 2020ko mugarria: lehena, hitzaurrea; Anjel Lertxundiren “saiakera-azterketa” ondoren; eta Xabier Leteren lanak, azkenik.
Leteren lan guztiak ezin izan dituzte jaso, liburuaren edukiak muga bat zuelako. Zeruko Argia-n, Erlea-n, Hegats-en, Argia-n edo Euskaldunon Egunkaria-n idatzi zituen iritzi artikuluak. Bilketa ez dela “samurra” izan esan du Perezek, eta eskerrak eman dizkie Koldo Mitxelena Kulturuneko, Deustuko Unibertsitateko eta Sabino Arana Fundazioko liburuzainei, zein Elkar argitaletxeari.
Zailtasunak gaindituz
Haizea Perez de Egilazek, berriz, prosazko lan horiek biltzeko izan dituzten zailtasunak zerrendatu ditu. Lehendabizi, prosa lan horiek zerrendatu behar izan zituzten, baina denak katalogatuta ez zeudela topatu zuten.
Zailtasun gehiago topatu zituzten bidean: artikulu guztiak ez zeudela digitalizatuta, orrialdez orrialde bilatu behar izatea, Zeruko Argia-n batez ere erabili zituen sinadura pila… lanean ari zirela etorri zen COVID-19a ahaztu gabe.
Lertxundi: “Zorra kitatu nahi nuen”
Anjel Lertxundi Leteren lagun mina izan zen, eta hura gonbidatu zuten proiektuan parte har zezan. Hasieran ezetz esan zuen, liburu batekin buru belarri ari zelako.
Iritziz aldatu zuen, baina. “Lagun mina hiltzen zaizunean, zorra kitatzeko sentitzen duzu. Hortik doa hitzaurrearen zati bat”, esan du idazle oriotarrak.
Adiskide izanagatik, bere prosa aztertzerakoan Lete “sakonago” bat aurkitu du. “Sendotu zait nion intelektual miresmena”, gaineratu du. Oiartzuarra autodidakta izan zela nabarmendu du: “Zuzenean jotzen zuen autoreengana, ikasgela batetik pasatu behar izan gabe. Irakurleari mesede egingo dio jakitea autodidakta zela”.
Bere idatziei dagokienez, pentsamenduzko kazetaritzarekin zerikusi handia izan zutela jakinarazi du, eta kualitatiboki hausnarketa generoa nagusitu zela.
Lertxundik Leteri galdetzen zionean ea zergatik ez zuen prosa idazten, ez zuelako balio erantzuten zion oiartzuarrak. “Imanol Larzabal hil zenean [2004an], esan zidan oso modu entusiastan ipuin batzuk idazten ari zela, Emmanuel Carreren estiloko errealismo zikinean”, gogorarazi du Lertxundik.
Zerbitzu lanean, bihartik salgai
Udalaren izenean, Iosune Cousillas Kultura zinegotziak parte hartu du aurkezpenean. Lete hil zeneko hamargarren urteurrena betetzen den honetan, haren lana herrian zabaltzeko aukera “atsegin handia” dela ziurtatu du. “Horrelako gauzak agian berandu egiten dira, baina egindako lana baloratzeko balio du”, zehaztu du Cousillasek.
Oiartzuar guztiak gonbidatu ditu Zerbitzu lanean eros dezaten. Horretarako aukera bihartik aurrera izango dute, 12 euroan salduko dute, herriko hainbat puntutan (zerrenda behean ikus daiteke). Gainera, lehen aldiz, Elkar dendetan ere salduko da, herritik kanpo. Hamabi euroko prezioa izango du.
Urtekaria
Eskutik helduta doaz Mugarri eta Oiartzun urtekaria. Urtekaria ere bai bihartik aurrera salduko dute, toki berberetan. Lau euroko prezioa izango du.
Gaiei dagokienez, Gurutzeko Nikolas Urdanpilleta izango da elkarrizketa nagusiko protagonista. Gainerakoan, ohiko atalak izango ditu: Seme-alabak, Historia eta hainbat arlotako eragileen tarteak. Jakinarazi dutenez, Urtekari Batzordeak kolaboratzaile sorta ederra izan du laguntzaile Oiartzun 2020 urtekaria osatzeko. Azala Onintza Etxebestek egin du.
- Altzibar: Berezi janaridenda.
- Arragua: Pikoketa estankoa.
- Elizalde: Garmendi txokolategia, Garmendia okindegia, Urrats paper-denda eta Zapirain estankoa.
- Iturriotz: Ibarreko gasolindegia, Martin harategia eta Pottolo janaridenda.
- Gurutze: Galdos taberna.
- Ugaldetxo: Intxixu jatetxea eta Mamut merkatalguneko paper-denda.