Hiru kutsatu berri COVID-19arengatik Errenteria-Oreretan
Azken orduetan ez da kutsatu berririk izan Oarsoaldea eta Bidasoko gainontzeko herrietan.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitara atera duen COVID-19aren jarraipenerako azken txostenaren arabera, hiru kutsatu berri izan dira azken orduetan —atzokoak dira datuak— Errenteria-Oreretan. Azken orduetan ez da kutsatu berririk izan Oarsoaldea eta Bidasoko gainontzeko herrietan. Asteburuan baina, ez zuten txostenik zabaldu, eta orain azaldu dituzte ostiralean eta larunbatean bildutako datuak. Horien arabera, 24ko datuei dagokienean, hiru kutsatu berri izan ziren Errenteria-Oreretan; Lezon kasu berri bana antzeman zuten hilaren 24an eta 25ean; eta Pasaian egun beretan, bina kasu. Bi egun horietan, Oarsoaldean, bederatzi positibo berri zenbatu zituzten.
Hala ere, aipatu moduan, azken orduetako txostenaren arabera ez da positibo berririk izan Lezon, Pasaian eta Oiartzunen. Errenteria-Oreretan antzemandako azken orduetako hiru kasutik bi Beraungo anbulatorioan izan dira.
Osasun Sailaren txostena osorik, hemen kontsulta daiteke.