Parez pare zabalduko ditu komertzioak Bizi Errenteria programak
Garrantzitsuak dira tokiko establezimendu horiek herria bizirik mantentzeko, eta hala izan dadin, ezinbestekoa da herritarrek bertan eros dezaten.
COVID-19ak gogor zigortu ditu sektore ia guztiak, eta tokiko establezimenduak dira kaltetuetako batzuk. Pandemiak haiengan izan duen eragina minimizatu nahian, tokiko saltokiak eta tokiko ekonomia bultzatu asmoz Bizi Errenteria programa abiatu du udalak. Horren barruan hainbat iniziatiba abiatu ditu, eta beste hamaika ditu abiatzeke oraindik. Garrantzitsuak dira tokiko establezimendu horiek herria bizirik mantentzeko, eta hala izan dadin, ezinbestekoa da herritarrek bertan eros dezaten.
Bide horretan, kolorez jantziko dituzte herriko establezimenduek kaleak bihartik ostegunera arte, hiru egunez beren ateak parez pare zabaldu eta produktuak kalera aterako dituztelako, baita irekiera ordutegia zabaldu ere hala nahi dutenek, betiere, neurriz, auzokideekiko errespetuz, eta zarata mugak gainditu gabe, besteak beste.
Arropa, osagarri, zapata, etxeko osagarriak, loreak eta belar dendetako produktuez beteko dira kaleak. Helburua, konfinamendu garaian itxita egon eta sasoiko produktuak eta generoa saltzeke duten saltokiei bultzada ematea.
Une honetan Errenteria-Oreretako 220 establezimendutik gora egin dute bat Bizi Errenteria programarekin.
Esperientzia gastronomikoa
Ez da egunotan Bizi Errenteria programak abian jarriko duen iniziatiba bakarra. Herriko ostalaritza ere ezagutzera emango dute, eta horretarako, dendetako bezeroei esperientzia gastronomikoa 2X1 eskaintza eskainiko diete. Hala, planean atxikitako sektore horietako dendetan 25 eurotik gorako erosketa egiten duten bezeroen artean tiket bereziak banatuko dituzte izakinak agortu arte. Tiketean zehaztutako kontsumizioan bezeroak bi kontsumitu eta bakarra ordainduko du. 1.300 txartel banatuko dituzte eta herritarrek, irailaren 30era arte izango dute horiek erabiltzeko aukera.
Eskaintza horretan, honako tabernek hartu dute parte: Izar, Manuel, Zuhaitza, Kerala, Lino Kafe, Portu, Zamalbide, Errenteriako Batzokia, Arkaitza, Gaztelu, Aker, Errota, Orereta, Cyne Reyna, Sindikato, Leku Zaharra, Limerick, Xera Gastroteka eta Zuzen Gastropub.
Merkatari eta ostalarien arteko zubiak sortu nahi dituzte iniziatibaren bixdez: “Herriko ekonomian garrantzitsuak diren bi sektoreen saretzea eta herritarrengan, tokiko kontsumoaren aldeko ohiturak eragitea”.
Irailetik aurrera Bizi Errenteria programari atxikitako gainontzeko establezimenduen dinamizazio ekintzak iritsiko direla esan du udalak.