Solasaldi musikatuak Oiartzunera ekarriko ditu 'kantagiLtza' zikloak
Lagun arteko garaia/Bizardia Elkarteak hiru saio antolatu ditu udazkenerako. Arizmendienera gonbidatu dituzte Anari, Txuma Murugarren eta Eñaut Elorrieta.
Lagun arteko garaia/Bizardia elkarteak kantagiLtza, solasaldi musikatuak izeneko zikloa antolatu du udazkenerako. Hilean behin, euskaraz aritzen den kantari bat gonbidatuko dute Oiartzunera.
“Ziklo honen bitartez”, azaldu dute antolatzaileek, “musikari-sortzaile euskaldunak lagun artera ekarri nahi ditugu eta beren sormen-lana gertutik ezagutu eta ezagutarazi”. Hartara, iraileko, urriko eta azaroko hirugarren igande arratsaldeak “giro goxoan” pasatu nahi dituzte.
Ordubete inguruko iraungo dute saioek, eta musika eta hitza uztartuko dituzte. Printzipioz, Arizmendieneko lorategian egingo dituzte solasaldi musikatuak, 18:30ean hasita. Eguraldi txarra eginez gero, udaletxeko pleno aretora lekualdatuko dute saioa. Oiartzungo Udalak laguntza eman die antolatzaileei.
Egitaraua
- Irailak 20: Anari.
- Urriak 18: Txuma Murugarren.
- Azaroak 22: Eñaut Elorrieta.