Beraun irisgarriagoa da gaurtik herritarrentzat
Bi igogailu berri dira martxan gaurtik Errenteria-Oreretan. Bi igogailu horiek, Beraun-Galtzaraborda ardatza indartzera datoz, baita ingurune hori irisgarriagoa egitera ere bertako bizilagunentzat batez ere, baina herritar guztientzat oro har.
Bi igogailu berri dira martxan gaurtik Errenteria-Oreretan. Beraungo auzo elkartearen, jubilatuen elkartearen eta bertako beste hainbat eragileren eskaerak izan du erantzuna. Bi igogailu horiek, Beraun-Galtzaraborda ardatza indartzera datoz, baita ingurune hori irisgarriagoa egitera ere bertako bizilagunentzat batez ere, baina herritar guztientzat oro har. Beraun kalea Jesus Guridi kaleko 11. zenbakiarekin lotzen du lehenak, eta azken kale hori, Julian Lavilla kalearekin bigarrenak; batak zein besteak tarteko tarteko geltokiak dituzte.
Bi tramuko igogailua da eta lau kale maila lotzen ditu. Ezaugarri horiengatik eta kokapenagatik, oso tresna garrantzitsua dela bertako bizilagunentzat nabarmendu du Aizpea Otaegi alkateak, “irisgarritasuna eta mugikortasuna errazteko”. Bi tramotako igogailu hori eraikitzeko, 1.171.997,29 euroko inbertsioa egin du Errenteriako Udalak. Kopuru hori nola banatuta dagoen laguntzei dagokienean zehatz azaldu du alkateak: Gipuzkoako Foru Aldundiak, 100.000 euroko ekarpena egin du, eta Eusko Jaurlaritzak 263.000 euroko ekarpena egin du irisgarritasuna errazteko laguntzen barruan. Gainontzeko 808.997 euroak, Errenteriako Udalak ordaindu ditu.
Ekonomikoki esku hartze oso garrantzitsua izan dela esan du alkateak, Eneko del Amo Hirigintza zinegotziarekin, Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziarekin, eta Beraungo Auzo Elkarteko ordezkariekin batera igogailuaren eremu berean gaur egin duen agerraldian: “Udalak ulertzen du beharrezkoa zela 2011n hasitako bidearekin jarraitzea. Igogailu berri honekin, 7 milioi eurotik gorako inbertsioak egin dira igogailuetarako 2011tik”.
Udal ordezkariek gogora ekarri dute halaber, 2019-2023 Agintaldiko Planak planteatzen zuen helburuetako bat Oinezko eta Bizikleta bidezko Mugikortasun Planari eta Irisgarritasun planari bultzada ematea zela, “orain, pertsonen mugikortasunaren eta auzoak hurbiltzearen aldeko apustu horri igogailu hau gehitu zaio. Beraun kalea Galtzaraborda etorbidearekin lotzen duten bi igogailu eraiki dira elkarren ondoan, auzo barruko eta auzoen arteko komunikazio bertikala hobetuz”.
Beste arlo bati ere erreparatu dio alkateak. Igogailua eraiki dute bertan eta irisgarritasunari begira hori da garrantzitsuena, baina aldi berean, igogailuaren lanak egiteko unean ingurua urbanizatzeko lanak egin dituzte: “Igogailuak irteerak edukiko dituen eremu horietan guztietan aparkalekuak antolatzeko, atarietako sarbidea errazteko, espaloiak zabaltzeko aprobetxatu da. Auzoak beraz ez du bakarrik igogailu bat irabazi, nolabait auzo eta kale antolatuago batzuk eta seguruago batzuk ere irabazi ditu”.
Hamahiru hiri igogailu herrian
Gaur martxan jarri duten igogailuarekin, hamahiru dira guztira Errenteria-Oreretan. Otaegik, horiek guztiek betetzen duten “oinarrizko funtzioa” nabarmendu du; horren erakusle, batez beste igogailu bakoitzak hilean egiten dituen 30.000 bidaiak dira: “Oinezkoentzat herri erosoago bat eta irisgarriagoa egiten dugu halakoekin, eta bestalde herri kohesionatuago bat”.
Une honetan Galtzarabordako zatietako bat eta Alabergako igogailua geldirik daudela azaldu du, halaber, Otaegik, “matxuratuta daudelako”, baina Thyssenkrupp eta Orona, udalak hiri igogailuen mantenurako kontratatuta dituen bi enpresak lanean ari direla lehenbailehen konpontzeko esan du.
Adierazpen horietan sakondu du Otaegik, gaur goizean bertan Errenteriako PSE-EEk bere bozeramailearen bidez “utzikeria” leporatu diolako udal gobernu taldeari igogailuen mantentzeari dagokionean. “Arduragabeak” direla adierazpen horiek esan du Otaegik, “azken urteetan, esan bezala, hamahiru igogailu jarri dira herrian, zazpi milioi euroko inbertsioa egin da , apustu oso sendoa izan da irisgarritasunaren eta kohesioaren alde egindakoa, eta garrantzi bera ematen dio udal honek igogailu horien mantentzeari”.
Beste kopuru bat ekarri du gogora, igogailu bakoitzak hilean egiten duen batez besteko bidai kopurua: 30.000. “Hori kontuan hartuta, normala da—esan du—aldian behin hondatzea. Udal honek ezin du egin egiten duena baino gehiago; bi enpresa dauzkagu kontratatuta igogailu guztien mantentze lanak, berehalakoak eta 24 orduz bermatuak izan daitezen. Udalak ezin du egiten duena baino gehiago egin, mantentze lanak eraginkorrak izan daitezen. Beste kontu bat da, matxura horiek ez direla batzuetan konpontzen errazak, edo piezak behar izatea”. Azken hori gertatu dela Alabergako igogailuarekin azaldu du, “matxura handia izan du, piezak kanpotik ekarri behar dira, eta egungo egoeran, COVID-19ak eraginda pertsonen eta merkantzien garraiorako mugak eta oztopoak daudela. Horregatik atzeratu egin da”.
Horrek duen eraginaz “oso kontziente” dela udala esan du alkateak, “hainbeste erabiltzen den garraiobide bat ezin erabiltzeak badakigu bizilagunentzat arazo handia dela, zailtasun bat suposatzen duela beren bizimoduan eta beren irisgarritasunean, baina udal bezala eza dago arduragabekeriarik edo axolagabekeriarik; gauzak hondatu egiten dira, eta konpontzeko gure bitarteko guztiak jartzen ditugu”.
Arduragabekeria. Hori egotzi dio Otaegik PSE-EEri egindako adierazpenengatik, eta kezka azaldu du herritarrei halako mezua helarazteagatik, “gardentasun osoz kudeatzen dugu udala, eta jakitun dira egiten ditugun kontratu guztiez, eta igogailuen mantenurako zein bitarteko dauden. PSE-EErena arduragabekeria da. Udal honek inbertsio handiak egin ditu urte hauetan guztietan eta inbertsio horiek zaintzeko ere ahalegin handia egiten du. Konponketek tardatzen dutena, enpresa horiek konpontzeko behar duten denbora da. Udalak egiten du egin behar duena, mantentze zerbitzu ahalik eta onena kontratatu”.