Ostalaritza establezimenduen QR menuak euskaratzeko aukera eskainiko dute udalek
Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek hiru herrietako ostalaritza establezimenduei euren menuen QR kodeak euskaratzeko eskaintza egin diete.
Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen laguntzarekin, hiru herrietako jatetxe eta tabernei euren menu digitalak (QR kode bidezko sarbidea eskaintzen dutenak) euskaratzeko iniziatiba jarri dute martxan.
COVID-19aren eraginez, ostalaritza establezimenduetako kartak geroz eta gehiago dira digitalak. Horren ondorioz, bezeroek produktu eskaintza euskaraz ere ikusteko aukera izan dezaten, eskualdeko udalek QR kodeen bidez erakusten diren menuak euskaratzeko zerbitzua jarri dute martxan.
Produktuen zerrenda udaletik bertaratzen den teknikariari utzi beharko diote, edota udaleko euskara zerbitzura helarazi. Egun batzuen buruan, prest izango dute QR kodea, euskara lehenetsiz. Argi utzi nahi izan dute itzulpena euskarara besterik ez dela egingo, eta gainontzeko hizkuntzetako eskaintza egina ekarri beharko dutela.