Pasaiako Portuko presidenteak kargua utzi du
2018an kargua hartu zuenetik babes sendorik sentitu ez duela adierazi du. Presidente bezala egindako ibilbidearen balorazio positiboa egin du, komunikatu publiko baten bitartez.
Felix Garciandiak bere dimisioaren berri eman du adierazpen publiko baten bitartez. Orain arte presidente zenak ez du elkartasunik sumatu bere jardunen: «Ez du merezi jarraitzeak, dagoen autonomia eta babes falta honekin».
Konfiantzazko talde bat eratzeko ezintasunak eta Cesar Salvador zuzendariak bigarren aldiz dimisioa emateak, beste hainbat kausaren artean, Garciandia kargua uztera bultzatu dutela adierazi du.
Ostegun honetan presidente izateari utzi dionak 2018an hartu zuen kargua, zeina, bere hitzez, ez den izan zailtasunik gabea, «Giza Baliabideen sailean, bereziki».
Jazarpena
Garciandiak argi utzi nahi izan du, nahiz eta «espero zuen babesa» ez duen sumatu, proiektua «indar osoz» bultzatu duela. Esfortzu horrek «higadura pertsonal handia» suposatu dio.
Jaso dituen «eraso ezatseginez» gain, langileen esplotazioarekin lotutako salaketa faltsuak eta komunikabideen etengabeko jazarpena sufritu duela salatu du; horiek guztiak, bere arabera, presidentearen «lintxamendu mediatikoa eta dimisioa» lortzeko helburuz egindakoak.
Dimisioa emateko publiko egin duen komunikatuan, Garciandiak bere ibilbidearen errepasoa egin nahi izan du. Gogoan du nola hura agintaritzara heldu zenean, 2018ko urtarrilean, hain zuzen, Pasaiako portua «ia guztizko paralisi» batetik zetorrela.
Egoera hori kontuan hartuta, bi urte eta erdi hauen inguruan egin duen balantzea hurrengo hitzetan laburbildu du: «Portuko proiektuaren gestioak ageriko emaitzak eman ditu. Lortu ahal izan dugu ezinbestekoak ziren eremuen inbertsioak eta etorkizunerako proiektu bat errealitate bilakatzea, lehen aldiz urte askoan».