Lapurreta egotzita bi gizon atxilotu dituzte Lezo-Errenteriako tren geltokian

Treneko segurtasun zerbitzuko langileek musukorik ez zeramatela-eta Ertzaintzara deitu zuten. Ordiziako taberna batean ustez lapurtzeagatik atxilo eraman zituzten 21 eta 26 urteko bi gazteak azkenean.

Lezo-Errenteria Renfe tren geltokia Goizeko 06:45ean atzeman zituen Ertzaintzak gazteak Lezo-Errenteriako Renfeko tren geltokian.

Ertzaintzak 21 eta 26 urteko bi gizon atxilotu zituen asteazkenean (hilak 5) goizeko 06:45ean, Lezo-Errenteriako Renfeko tren geltokian. Plazaratutako informazioaren arabera, bi gazteek musukorik gabe bidaiatzen zutela-eta Ertzaintzara abisua pasa zuten geltokiko segurtasun zerbitzuko beharginek. Haien gauzen artean, besteak beste, tableta bat, hainbat telefono mugikor eta zenbait txanpon-blister topatu zituzten.

Segurtasun zerbitzukoei galdetuta, gazteak Ordizia ingurutik zetozela adierazi zieten agenteei. Oriako ertzain-etxearekin kontaktatu ondoren taberna batean izandako lapurretagatik salaketa baten berri izan zuten ertzainek. Horren arabera, lokala indarrez ireki zuten lapurrek, eta tableta bat eta 350 eurotik gora txanpon-blisterretan eraman zituzten.

Ordiziako lapurretan ustez parte hartzea egotzita atxilo eraman zituzten bi gizonak eta atzo utzi zituzten epailearen esku.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.