Donibaneko Bonantzako komunak apurtu dituzte berriro
Pertsiana automatikoa kaltetuta agertu da, berriro, pasatako asteartean konpondu ondoren. Udalak adierazi du guztiz arbuiatzen dituela azken asteetan Bonantzako pixaleku publikoen eta kantinako komunetan izan diren ekintza bandalikoak.
Hilaren 18an (asteartea) konpondutako Bonantzako komunak itxi eta irekitzeko pertsiana automatikoa kaltetuta agertu da, berriro ere, pasatako ostiral honetan. Pasaiako alkateak, Izaskun Gomezek, azken aldian Pasai Donibanen izan diren ekintza bandalikoak guztiz arbuiatzen dituela iragarri du.
Azken asteetan, eta hainbat egunetan jarraian, Bonantzako pixaleku publikoak eta kantinako komunak guztiz suntsitu dituzte, baita pertsiana automatikoa apurtu eta buxadurak sortu ere, besteak beste. Udalak salatu nahi izan du pasaitarrek sufritu behar izan dituztela ekintza bandaliko hauen ondorioak, izan ere, komun publikoak ezin izan dituzte erabili hauek konpondu arte. Horrez gain, azpimarratu nahi izan dute horrelako txikizioek udal aurrekontuetan ere eragina dutela, aparteko gastu bat suposatzen baitute.