Lezori ez zaizkio natura, gastronomia eta kultura falta
Herriaren bihotz eta bazterrez gozatzeko asteburu-plana proposatu du Oarsoaldea Garapen Agentziak: Naturan barrena murgiltzeko hiru paseo, ibilbide kultural txiki bat eta gastronomia eskaintza gailendu dira.
Oarsoaldea Garapen Agentziak Lezoko barrenez gozatzeko plan paregabea proposatu du; asteburu honetan zer egin ez zekienak familian, lagunartean zein bakarrik disfrutatu ahal izango du Lezo inguruko mendi ibilbideez, herriko alde zaharrak ezkutatzen duen historiaz, eta baita bertako gastronomiaz ere.
Egun pasa mendi buelta batekin hastea da ideia; horretarako, hiru ibilbide proposatu dira, bakoitzaren xehetasunak Bekoerrota kiroldegian dagoen planoan daude ikusgai (hori da hiru bideen abiapuntua). Altamira-Bordatxo ibilbideak 3 kilometro pasatxo ditu, eta bizikletaz egin daiteke; Olatzar-Lorbide paseoak baserri zaharrak eta Plataiturriko iturria ikusteko aukera eskaintzen du, eta 4,5 kilometro inguru ditu; Xoxolurra-Alarguntza izenekoa da bide luzeena, 11 kilometrokoa gutxi gorabehera, eta esklaboen barrakoien aztarnak aurki daitezke bertan.
Natura inguruan eguna hasi ondoren herrian barneratzea da ideia, Gurutze Santuaren plaza abiapuntu izango duen ibilbide kultural txiki bat egiteko. Udaletxea ez ezik, herriko altxorra ere dago bertan: Lezoko Santo Kristo basilika. Bertan ikus daitekeen Kristo bizargabeak ospea eman dio eliza honi mendeetan zehar, izan ere, Europa osoan horrelako hiru besterik ez daude.
Egunari amaiera emateko eta, bereziki, indarrak berritzeko, gastronomia eskaintza aproposa dago Lezon. Oarsoaldeko agentziak sukaldaritza tradizionala eskaintzen duten jatetxeak gomendatu ditu, bai hirigune historikoan zein landa eremuan erraz asko aurki daitezkeenak.