[Erreportajea] Bidea gazteena ere izatea nahi dute
Errenteria-Oreretako eta Hernaniko Sarek gazte martxa deitu dute bihar goizerako. Euskal presoen gatazka gazte belaunaldien artean gizarteratzea, eta konponbidearen alde kilometroak egitea dira helburu nagusiak.
Bidea izango dira bihar Oarsoaldeko eta Buruntzaldeko gazteak. Euskal presoak etxeratzeko bidea, sakabanaketarekin amaitzeko bidea, bakerako bidea, eta elkarrizketarako bidea. Izan ere, Errenteria-Oreretako eta Hernaniko Sarek deituta, gazte martxa egingo dute gazteek bihar. Bi udalerriak lotzea da xedea, eta herri bakoitzetik zutabe bana abiatuko da horretarako, lehena Xenpelar plazatik 09:30ean, eta bigarrena 10:00etan Gudarien enparantzatik. Bi zutabeek 12:30ak aldera Astigarragako Foru plazan topo egitea aurreikusi dute.
Sare Herritarrak abiatutako Izan Bidea dinamikaren barruan kokatu du Garazi Otamendi Errenteria-Oreretako Sareko kideak biharko gazte martxa. Euskal presoek pairatutako dispertsioarekin bukatzeko eta elkarrizketa sustatzeko kilometroak egitean datza Izan Bidea erronka, eta ildo horretan, ibiltarien sarea osatu nahi du mugimenduak, «beti mugimenduan dagoen herri bat garela adieraziz». Oraingo honetan, hala ere, bigarren helburu bat bete nahi dute Sareko kideek deialdiarekin: presoen problematika gazteengan gizarteratzea.
Hausnarketa baten ondorioetatik abiatuta erabaki du Errenteria-Oreretako Sarek halako deialdi bat egitea, eta aurrerantzean antzeko jarduerak edo ekitaldiak antolatzea ez du baztertu Otamendik. Izan ere, ohiko deialdietara jende heldua bereziki gerturatzen zela iritzi dio Sareko kideak, baina horrez gain, gaur egungo gazteei ez zaiela egokitu atxiloketen garaia ere uste du. «Hausnartzen jarriz gero, egia da orain arteko dinamikak betiko lerroetatik atera gabe garatu direla», azaldu du Sareko kideak, «presoen gaia bera ere pixka bat atzean geratu zaie».
Ildo horretan, gaur egungo gazte belaunaldi askok atxiloketen garaia eta presoen urrunketa bizi izan ez dutela uste du, eta horrek ondorioak ekarri dituela: «Ikusten dugu bizi ez duten egoera horretatik pixka bat aparte geratzen direla gaur egungo gazteak, eta horregatik, ezin dute ikusi haiek zerbait egin dezaketenik».
Hori horrela, belaunaldi gazteak aktibatzeko luzatu dute biharko deialdia, nahiz eta helduek ere parte har dezaketen zehaztu duen, «jendarte osoari egiten diogu deialdia».
Harremanduta
Hernani eta Errenteria-Orereta lotzeko arrazoien inguruan galdetuta, euskal gatazkaren ondorioz gaur egun «kolpatuenetariko» herriak direla sinetsita daudelako egin dutela deialdia adierazi du Aitor Galdosek. Sareko kidea ez dela argitu nahi izan duen arren, biharko deialdia aurrera eramateko zubilanetan aritu dela zehaztu du oreretarrak. «Presoen eta gatazkaren konponbidearen aferan bi herri kolpatuenak izan direla pentsatu genuen, bai behintzat euskal preso kopuruaren zein larri gaixo daudenen aldetik», azaldu du Galdosek. Hala, gazteek emandako datuen arabera, 28 bat preso daude Hernanin, eta zazpi Errenteria-Oreretan, horietatik bi larri gaixo, eta horiei, iheslariak erantsi behar zaizkie. Egoera ikusirik, bi herrietako gazteak «elkartzeko» eta «zerbait antolatzeko» beharra zutela erabaki zuten.
Euskal presoen alde bidea izatera deitu dute jendartea, bereziki gazteak
Hortaz, bi zutabeak 12:30ean Astigarragan elkartzea aurreikusi dute. Musikaz lagundutako ekitaldia burutuko dute bertan, eta dena ondoa badoa, pintxo eta sagardo botila batzuekin eguna biribiltzea espero dutela adierazi du Otamendik. Izan ere, egun osoko egitaraua antolatzea zen hasierako ideia, baina Galdosek argi esan duenez, zaila egin zaie irudikatzea egoera zein izango den, «segurtasuna lehenetsi nahi izan dugu».
Egoeraren menpean
Euskal presoek pairatutako sakabanaketari, COVID-19 gaitzak eragindako egoera gehitzea ezinbestekoa dela gogoratu dute bi gazteek. Horrek guztiak egoera «bereziki prekarioan» uzten dituela presoak ohartarazi dute. Erantsi dutenez, ezin aipatu gabe utzi larri gaixo dauden euskal presoen egoera: «Hauen eskubideak bitan zapalduak geratzen dira».
Ildo horretan, azken hilabeteetan presoen egoera zeharo aldatu dela baieztatu dute, eta senideekin hitz egin ondoren sentimendu kontrajarriak dituztela erantsi: aurrez aurreko kontaktua galdu duten bitartean, senide helduenak babestea lehenetsi dute. Are gehiago, bideo deien sistema «positiboki» baloratu dutela zehaztu du Otamendik: «Behintzat modu horretan telefonoaren bestaldean senide gehiagorekin hitz egiteko aukera izan dute».
Hori horrela, euskal presoen alde bidea izatera deitu dute jendartea, bereziki gazteak, eta denak elkarrekin kilometroak gehitzera animatu nahi izan dituzte. Dagoeneko 3.300 erabiltzailetik gora dauzka Izan Bidea aplikazioak, eta denen artean, 373.000 kilometro baino gehiago egin dituzte jada. 3.127.326 kilometroren langa gainditu arte bidea izango direla argi utzi nahi izan dute.
- [Zuzenketa oharra] Errenteria-Oreretan sei euskal preso daudela argitaratu du HITZA-k papereko edizioan. Datua okerra da, denera zazpi preso daude, horietatik bi larri gaixo, eta horietatik bat espetxe arinduan.