«Harrapatuta sentitzen naiz, etxera bueltatu ezinik»
2017an joan zen Benidormera, bertan bizi eta ikastera. Urpekaritzako praktikak Thailandian egin zituen eta, ordutik, Asiako uretan murgilduz bizi izan da. Orain, birusak etxerako buelta eragotzi dio.
Abuztuarekin batera amaitzen da Koh Phangan irlan (Thailandia) denboraldi altua, eta orduan zen Peio Galarraga jaioterrira (Lezora) bueltatzekoa. Koronabirusak, baina, planak zeharo aldararazi dizkio gazte bidaiariari, eta pandemiak turismoaren sektorean, berak lan egiten duen sektorean, alegia, eragindako kalteengatik, uztaila erdialdean bueltatu behar izan da gurasoen etxera.
Ordutik, hemen «harrapatuta» jarraitzen du, irlara bueltatu ezinik, eta negu honetan hastekoa zuen proiektua noiz abian jarri ahal izango duen jakin gabe.
Zer nolako eragina izan du COVID-19ak zure lanean, Thailandian?
Lan denboraldia txarra izan da, aurten, zentzu guztietan; gure sektorearentzat [turismoa] bereziki. Ideia, hasiera batean, udaldi amaieran etxera bueltatzea eta hemen hilabete pasatzea zen, gero beste hilabete bidaiatzen egoteko eta, azkenean, azaroan Thailandiara bueltatzea lagun batekin batera dudan proiektuarekin buru-belarri hasteko.
Koarentena hasi zenean guztia gelditu zen; ez zegoen diru sarrerarik, baina guk bizitzen jarraitu behar genuen. Horregatik, nuen dirua gastatu zitzaidanean, lehenago bueltatu besterik ezin izan nuen egin uztailean.
Eta orain ezin duzu irlara bueltatu…
Beno, berez, sartu sar gaitezke, baina gero 15 eguneko berrogeialdia egin beharko genuke, eta hori gutxi balitz, 1.000 euro ordaintzea ere eskatzen digute bueltatu nahi badugu.
Gainera, turismoan lan egiten dugu eta hiru asterako irlara datorren turista batek ez du bi asteko koarentena egingo. Ez badago bezerorik, ez dago lanik…
Lezora bueltatzeko arrazoi nagusia, beraz, lan falta izan zen.
Guztiz. Turista guztiek alde egin zuten, beldur asko zegoen pandemia hasieran eta asko eta asko, ez bakarrik bisitariak, baita atzerritarrak izan eta bertan bizi zirenak ere, euren jatorrizko etxeetara bueltatu ziren. Batzuek bertan jarraitzen dute, baina gutxi dira. Ez dago lanik.
«Guztia gelditu zen; ez zegoen dirurik, baina guk bizitzen jarraitu behar genuen»
Nolakoak ari dira izaten, zuretzat, azken hilabete hauek?
Okerrena zalantza da, ezjakintasuna. Zerbaitetan ilusioa daukazunean eta ez dakizunean noiz egin ahal izango duzun, oso frustragarria da. Hemen [Lezon] ez nago gaizki, gustatzen zait bueltatzea, baina hau ez zen hasierako plana eta eskema guztiak hautsi zaizkit. Nahi dudana, finean, Thailandiara noiz bueltatuko naizen jakitea da, baina jakin badakit hori oraindik ezinezkoa dela. Ez dakit ez nik, ez inork, agintzen dutenek ere ez dakite, beraz… [barre egin du].
Zerbait egin nahi duzunean eta erantzunen ordez galdera gehiago sortzen dizkizutenean, horrek ez du batere laguntzen. Oraintxe bertan harrapatuta sentitzen naiz, etxera [Koh Phangan irlara] bueltatu ezinik.
«Irletara ezin zen inor sartu. Gu, han barruan, oso seguru geunden»
Nola bizi izan duzu konfinamendua irlan?
Gure irlan kasu bakarra egon zen, eta hasieratik neurri oso zorrotzak hartu zituzten: gaueko hamaiketatik goizeko lauak arte etxeratze agindua zegoen, inork ezin zuen kalean ibili, eta bi hilabetez egon ginen alkoholik gabe, esate baterako.
Aldi berean, noski, inolako parrandarik ez, lau pertsona baino gehiago ezin ginen elkartu, musukoarekin ibili behar genuen, eta abar.
Bestelakoan, ez dugu koarentena gogorrik pasa, hemen egin duzuenarekin alderatuz. Bizitza normala egin dugu, supermerkatuetan eta halako lekuetan eskuak garbitu behar genituen, tenperatura kontrola pasa eta maskara jantzita eraman, hori bai. Bestela, ongi! Gainera, beldurraren ondorioz, jende askok alde egin zuen, eta hondartzak hutsik gelditu ziren, guretzat bakar-bakarrik.
Lehen kasua atzeman eta handik aste pare batera Thailandia guztiz itxi zuten, irletara ezin zen inor sartu. Gu han barruan oso seguru geunden: ezin zuen inork kanpotik etorri, atera bakarrik, eta kutsaturik ez zegoen. Horrek lasaitasun handia eman zigun nolabaiteko bizitza normala egiteko.
Geldiunearen ostean, ekaina hasieran uste dut hasi zirela berriro hegaldiak ateratzen. Baina beno, berez, ateratzeko aukera beti egon da. Irteteko bai, sartzeko, ordea, ez hain erraz… [barre egin du].
Epe laburrean, hortaz, zein da zure plana?
Hemen lan egitea, aurreztea eta itxoitea. Bueltatzeko baimena ematen digutenean proiektuari egurra eman eta ahal bezain laster martxan jartzea. Gero, agian, opor batzuk… [barreak], baina oraingoz lana aurrera ateratzea da lehentasuna.
Eta epe luzean?
Egia esan, ez daukat epe luzerako planik egiteko ohiturarik. Epe ertainera esan nezake Koh Phangan dela nire lekua; bertan bizi eta lan egiten jarraitzeko asmoa daukat.
Epe luzera, nork daki… Ikasi dut hori aurreikustea ezinezkoa dela, azken finean, jende berria ezagutzen zoaz eta toki berriak ezagutzeko gogoa ere badut.
Guk lan egiten dugu guretzako denbora edukitzeko, bidaiatzeko, mundua esploratzeko. Ideia litzateke gure enpresatxoa sortzea gu ere oporretara joan ahal izateko, txoko berriak bisitatzeko. Etorkizunean, auskalo. Agian, bizitzeko beste leku bat aurkitu? Azkenean dena masifikatzen da, eta hala izanez gero toki lasaiak edo hippy-agoak bilatuko nituzke, segur aski.
«Bidaiatzen ikasi dut nor naizen, mundu berri bat aurkitu dut»
Noiz piztu zitzaizun bidaiatzeko sena?
18 urterekin egin nuen nire lehen bidaia Europara, batxilergoa bukatu nuenean, baina esango nuke Benidormera egiten nituen bidaiekin piztu zitzaidala, bereziki, bidaiatzeko grina; udara guztietan joaten nintzen bertara familiarekin. Orduan ezagutu nuen urpeko mundua eta, horrekin batera, pixkanaka joan nintzen ikusten toki asko zeudela urpekaritza egiteko atzerrian.
Nola hasi zen zure abentura?
Benidormen urte eta erdiz egon nintzen goi mailako gradu bat ikasten [Jarduera Fisikoak eta Kirola] eta urpekaritzako ikastaroak egiten. Graduaren amaieran hiru hilabeteko praktikak egin behar nituen, eta urpekaritzako tituluak nituela aprobetxatuz, bi ikasketak uztartzea erabaki nuen.
Horrela hasi zen dena: lagun batek Thailandiara joateko gomendioa egin zidan, bazekien gustuko izango nuela eta bitan pentsatu gabe bertara joan nintzen ikasketak amaitzera.
Thailandiako zein partetara?
Zuzenean joan nintzen praktikak egiteko aukeratu nuen irlara [Koh Phangan], ez zaizkidalako hiri handiak gustatzen, eta ez nuen denborarik galdu nahi izan.
Lau irla daude nik joan nahi nuen zonaldean, eta hiru dira jende gehien dutenak: Koh Samui, handiena eta aireportua duena; Koh Phangan eta Koh Tao; azken hau oso famatua da urpekaritzan, baina nik bigarren irlako ur-zentro batekin hitz egin nuen eta bertara joan nintzen praktikak egitera.
«Ez gaude horren urruti: hegazkin bat edo bi, asko jota. Ez da mundu bat…»
Zein izan zen hurrengo pausoa?
Praktikak bukatzean bidaiatzen jarraitu nuen eta Indonesiara joan nintzen. Herrialdea ezagutzeaz gain, ikasketak ere osatu nahi nituen eta urpekaritza gidari izatetik instruktore izatera pasa. Thailandian ezagututako jendeak Indonesiako zentro bat gomendatu zidan eta titulua han ateratzea erabaki nuen.
Ez nion buelta gehiegi eman eta halaxe heldu nintzen Gili irletara. Bertan bi hilabete eta erdiz egon nintzen; bi hilabete eta erdi urpean.
Nola hartu zuen zure familiak atzerrian bizitzeko erabakia?
Ezin naiz kexatu. Izugarri errazten dizkidate gauzak. Egia da beti dagoela gurasoengan beldur bat: etorkizuna. Galdetu ohi didate zein plan dudan etorkizunerako, nola biziko naizen kotizatu gabe, mediku asegurua, zerbait gertatuko ote zaidan… Gurasoen istorioak, badakizu… [barre egin du].
Bestela, bapo. Beti ulertu eta indartu naute nahi dudan hori bilatzeko; hori eskertzeko ez dago hitzik.
Nola aldatu du bidaiatzeak zure bizitzarekiko jarrera?
Uf, erabat. Nik uste nuen mugak Hondarribia eta Donostia zirela, eta orain konturatu naiz, egotekotan, askoz urrunagokoak direla. Kultura berriak ezagutzeak garrantzitsutzat dugun hori birplanteatzera eramaten zaitu, zer den garrantzitsua hemen, eta zerk duen garrantzia beste leku batzuetan…
Dena da desberdina han, janaria, bizimodua… Eta, beraz, pentsatzeko era desberdina ere badute hangoek. Koh Phangan aukeratu nuen irlan arnasten den energiagatik eta bizitzeko modu oso hippy-a dutelako. Liluratu ninduena izan zen bertan jendeak bizitzeko daukan modua, momentu bakoitza disfrutatzeari ematen zaion garrantzia, denbora eta arau zurrun eza… Ez dago horrelako ezer bertan.
Noski, lan egiten dugu, mundu guztiak bezala, baina aisi garaian bizitzaz gozatzeko beste iaiotasun bat dute bertakoek. Jendeak denbora hartzen du, esate baterako, ilunabarra ikusteko eta dantza egitera ateratzeko. Dantzan bizi dira! Eta, batez ere, momentua bizi dute.
«Aisi garaian bizitzaz gozatzeko beste iaiotasun bat dute bertakoek»
Hemendik zerbait botatzen duzu faltan?
Bai, noski, zalantzarik gabe. Beti dituzu ahuluneak eta etxekoak faltan botatzen dituzun denboraldiak, baina, azken finean, hau da nik aukeratu dudan bizitza eta, dena den, familia beti egongo da hemen. Gainera, ez gaude horren urruti: hegazkin bat edo bi hartu, asko jota, eta hemen nago. Ez da mundu bat; hemezortzi ordu, 9.000 kilometro eta hemen zaude berriro.
Zein esango zenuke izan dela urte hauetan izan duzun ikaskuntzarik garrantzitsuena?
Alai bizitzea. Hemen badirudi denok gaudela elkarrekin haserre, ez bada gauza batengatik besteagatik; bata eskuinekoa delako, bestea ezkerrekoa… Diktadura batean bizi gara Thailandian, eta noski, hori ez da hoberena, baina horrek jendearengan beste filosofia bat sortzen du. Herriak elkarri laguntzen dio, komunitatearekiko elkartasun balio hori oso errotuta dute han.
Ikasi dut ez bakarrik gauza txikiez eta naturak ematen digunaz disfrutatzen, baita ondoan duguna maitatzen eta, batez ere, ez gaizki esaka aritzen, bizilagunaz gaizki mintzatzen.
Zarena izanda eta edonolakoa izanda ere, jendeak hala maitatzen zaitu. Hemen, agian, hain sartuta ditugun estereotipoek zaildu egiten dute zu zeu izate hori; han ez da gertatzen. Zalantzarik gabe, nik han ikasi dut ni benetan nor naizen, mundu berri bat aurkitu dut.