[Erreportajea] Ezberdina izan da
Musukoa ikur nagusitzat izan duen ez-festen udarak, ezohiko kultur ekitaldi eta aisialdi jarduerak jarri ditu herritarren eskura.
Oarsoaldeko zein Bidasoaldeko biztanleentzat udara ezberdina izan da aurten. COVID-19 gaitzak oporraldia egokitzera behartu ditu herritarrak, eta udako ohiko planei alternatibak bilatu behar izan dizkiete erakunde publikoek zein bertako biztanleek ere.
Hala, instituzioek antolatutako ezohiko udako kultur agendek hainbat ekitaldi jarri ditu herritarren eskura. Jendearen aisialdia asetzera bideratutako kontzertuak, dantzaldiak, antzerkiak… izan dira asteburuetan. Eta ez hori bakarrik, bestelako jardueretan parte hartzera ere animatu dira herritarrak, hala nola, Mater ontzian zaborra arrantzatzera edota belaontzi klasikoan Pasaia eta Donostia arteko ibilbidea egitera, tartean Albaola bisitatuz. Antzekoa ere izan da Errenteria-Oreretako kasua, non, Jantziaren Zentroa gauez bisitatzeko aukeraz gain, herriaren ibilaldi historikoa egin duten. Azken jarduera hori Interneteko proiektu libreetan partekatzen ikasi dute.
Udara ezberdina izan da aurtengoa. Plan alternatiboek bete dituzte herritarren agendak, noski, jende pilaketak saihestuz, maskara une oro jarriz, eta hidrogela kontrolik gabe erabiliz.