Behobia-Donostia bertan behera utzi dute antolatzaileek
Garai berrira egokitzea aztertu ondoren, Fortuna Kirol Elkartekoek erabakiaren berri eman dute: ez da lasterketarik egingo.
Azaroko bigarren igandean, Oarsoaldeko eta Bidasoko errepide nagusietan —eta espaloietan— ez da jende uholderik egongo. Fortuna Kirol Elkarteak gaur bertan jakinarazi duenez, Behobia-Donostia lasterketaren 56. ekitaldia ez da aurten egingo. Lasterketaren hiru laurdenak Oarsoaldea eta Bidasoa eskualdeetatik pasatzen dira.
Fortunak aitortu dutenez, egoera berrira egokitzen saiatu dira, baina aldagai gehiegi mahai gaineratu ditu Covid-19ak. “Fortuna Kirol Elkartearentzat”, esan dute, “funtsezkoa da Behobia[-Donostia] osatzen duten pertsona guztien segurtasuna bermatzea: partaideak, boluntarioak, osasun langileak…”. Aurten, baina, horretarako modurik ez dagoela azaldu dute.
2021ari begira
Honez gero, izena eman dutenek beren buruari galdetuko zioten ea zer egin behar duten, eta Fortunak horren erantzuna eman du: hiru aukera izango dituzte:
- Izen emateak 2021eko edo 2022ko ekitaldietarako uztea.
- Inskripzioaren salneurria atzera jasotzea (kudeaketa gastuen sei euroak kenduta).
- Izen ematearen kopuru osoa edo zati bat Fortunari dohaintzan ematea.
Izen ematea datorren ekitaldi baterako gordeko dutenei, hurrengo egunetan Behobia Birtualerako hamar euroko deskontua bidaliko diete e-posta bidez.
Hiru aukeretako baten alde egiteko epea jarri du Fortunak: irailaren 30a. Izena eman zutenek e-posta bidez jasoko dute galdetegia; erantzuten ez dutenei modu automatikoan gordeko zaie inskripzioa.
Fortunak kirola egiten jarraitzea animatu du, segurtasun bermeak mantenduz. Datorren urtean elkar ikusteko desioa azaldu dute.