Estropadez etxetik gozatzera deitu du udalak
Errenteriako Udalak mezu argia helarazi die herritarrei, eta bereziki Hibaikaren zaleei, "ez joan Donostiara gure traineruak animatzera. Ez bertaratzea ez da oztopo estropadez gozatzeko, eta Hibaikako bi traineruak animatzeko".
Kontxako Bandera ate joka dugu. Bihar jokatuko da emakumeen sailkapen estropada Donostiako badian, eta etzi gizonena eta hilaren 6an eta 13an, berriz, Kontxako Bandera. Urtero milaka lagun bertaratzen dira beren taldeak animatzera, aurten ordea, ezberdina da oso egoera, COVID-19aren osasun larrialdiak baldintzatuta. Errenteriako Udalak mezu argia helarazi die herritarrei, eta bereziki Hibaikaren zaleei, “ez joan Donostiara gure traineruak animatzera. Ez bertaratzea ez da oztopo estropadez gozatzeko, eta Hibaikako bi traineruak animatzeko”.
Kontxako Bandera ateak itxita jokatuko dela jakinarazi du Eneko Goia Donostiako alkateak, eta hainbat udalerriri gutuna bidali dio erabakiaren berri jakinarazteko. Halaber, Errenteriako Udalak jakinarazi duenez, gutun horretan herritarrei Donostiara ez joateko eskatzeko galdegin die Goiak, “bizi dugun egoera kontuan hartuta, Errenteriako Udalak Donostiako alkatearen eskaera babestu nahi du eta dei egiten diegu herritarrei egun horietan Donostiara joan ez daitezen, eta estropadak beste modu batean, egungo egoerari egokituta, goza ditzaten”.
Aurten Hibaikako bi tripulazioak etxetik animatzea tokatuko da.