Udalari irtenbideak eskatzeko kontzentrazio berria, gaur, Zumardian
Pasa den astean izan zen bilkuran herriak emandako erantzuna ikusita, elkarretaratze berria deitu du gaur Antxoko Auzo Elkarteak, 20:00etan, plaza berean.
Pasa den ostegunean hirurehun lagun inguru bildu ziren Pasai Antxoko Zumardian, herriko Auzo Elkarteak deitutako elkarretaratzearekin bat egin eta barrutian dagoen segurtasun falta salatzeko. Gaur bertan irtenbideak eskatuko dizkiote, berriro, Pasaiako Udalari, eta taldeak ildo horretatik jarraituko duela iragarri du “udalaren partetik irtenbideak lortu arte”. Elkarretaratzea 20:00etan izango da Gure Zumardian.
Hilabeteak igaro dira antxotarrak herrian dagoen segurtasun falta eta gertatzen ari diren ekintza bandalikoak salatzen hasi zirenetik. Herritarrek “bakean bizitzeko” duten eskubidea babesteko helburuz sortu zen Antxoko Auzo Elkartea; Luzuriagako trastelekuen okupazioa, herriko ahulenei gauez zein egunez egindako lapurretak, zenbait ostalariri egindako mehatxuak… egunerokotasunaren parte bilaka ez daitezen borrokan jarraituko du herriak.