[Erreportajea] Emozioak ardatz ikasgeletan
Astelehenean hasiko den ikasturtea erronkaz josirik dator. Zalantza, beldurra eta, batez ere, ilusioa, izango dira protagonista berriak. Ikasleen emozioen kudeaketak kezkatzen ditu profesionalak.
Astelehenean hasiko da ezohiko ikasturte berria. Ikastetxe bakoitzak bere egutegia dauka ezarrita baina, oro har, Haur Hezkuntzakoak, Lehen Hezkuntzakoak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetakoak irailaren 7an edo 8an hasiko dira. DBHko hirugarren eta laugarren mailek nahiz Batxilergoak 15an ekingo diote ikasturteari.
Hitza-k jakin nahi izan du Oarso Bidasoko zentroak nola moldatu diren behar berrietara eta zein aurreikuspen duten datozen asteetarako. Horretarako, Orereta, Txingudi eta Haurtzaro ikastoletako zuzendariekin hitz egin du.
Ikasturte berri hau zalantzaz josita eta guztiz lotu gabeko hari-mutur askorekin hasiko dute ikastetxeek, baina gauza batean bat egin dute Hitza-rekin izan direnek: beldurra ez da izango gogoa baina ahaltsuago.
Absentismoa
Azken asteetan gehien errepikatu den hitzetako bat izan da absentismoarena. Nahiz eta beldurrik ez duten, zuzendarien kezka orokorra dira ikasleen huts-egiteak eta horien ildotik eskaini beharreko arreta; hala adierazi du Ana Erasun Txingudi Ikastolako zuzendariak: «Egoera horretan dauden ikasleei eta horien familiei erantzun egokia emateko lan handia egin beharko dugula aurreikusten dugu».
Azken honi gurasoren batek edo bestek jakinarazi zion pandemiaren hasieran seme-alabak ikastolara ez ekartzeko erabakia hartu zutela. Oarsoaldeko zentroek ez dute horrelakoen berririk izan, baina derrigorrezkoak ez diren hezkuntza etapetan izen emateek bera egin dezaketela aurrez badakite.
Kutsatzeko ikara hori etxe guztietan dago sartuta, neurri batean edo bestean, eta hautazkoak diren mailetan azken erabakia gurasoek dute. Dena dela, zuzendariek lasaitasun mezuak bidali nahi izan dizkiete familiei. «Guk ezin diogu inori ziurtatu agerraldirik izango ez denik, baina bermatzen duguna da araudia eta neurri guztiak hitzez hitz jarraituko ditugula», aitortu du Aritz Gonzalezek, Haurtzaro Ikastolako zuzendariak.
Kutsatzerik egongo balitz, Eusko Jaurlaritzak zehaztutako protokoloa zurruna da, eta ez du ñabardura handirik egiteko lekurik uzten. Hala eta guztiz ere, «neurriko jantzia» egitea dagokio zentro bakoitzari eta horri dagoeneko ekin diote hezitzaileek. Lanean hasi arte eta haurrak egoerara nola moldatzen diren ikusi arte aurreikuspenik egitea, baina, ez da gauza erraza.
Inpaktu emozionala
Arduradunek bat egin dute oinarrizko premisa batean: lehentasuna, haientzat, haurren ongizate emozionala da. Osasun alorreko erabakiak Osasun Sailak kudeatu behar ditu, eta hezitzaileei beste hainbat galdera sortzen zaizkie, euren jardunarekin lotutakoak: nola sentituko dira haurrak? Zer pentsatuko ote dute ikasle batzuk, besteetaz?
Ikastetxeen lehentasuna haurren ongizate emozionala bermatzea izango da
Horrelako egoerak tratatzeko lan berezia egin beharko dute zentroek. «Egoera emozionalki ongi landu beharra dago eta esfortzu berezia jarriko dugu horretan», adierazi du Orereta Ikastolako zuzendari den Anartz Muxikak.
Ildo horretatik lanean hasiak dira dagoeneko hezitzaileak. Aurten irakasleek prestakuntza bereziak jasoko dituzte egoera honetan eta baita, ezinbestean, konfinamenduaren eraginez ere, gaztetxoek izan ditzaketen behar bereziak aurreikusi eta lantzeko. Horretan datza, hain zuzen ere, ikastetxeen funtzio nagusia: haurren hezte pedagogikoa.
Printzipio horretan bat datoz hiru arduradunak; badira arloak non eskumen ia guztizkoa Osasun Sailarena izango den, eta horretan haren esanetara daudela adierazi du Muxikak, baina ikaskuntzako profesionalen eginkizuna da ikasleen ongizate psikosoziala bermatzeko ahaleginak egitea.
Horretarako, hasiera batean behintzat, helburu kurrikularrak alde batera utziko dituzte, eta erronka berrietan ardatza jarri, besteak beste: ongizate sozio-emozionala, neurri higieniko-sanitarioekiko heziketa edota gurasoen parte hartzea sustatzea lehen egokitzapen egunetako jardueretan. «Osasunean heztea da erronka», adierazi du Erasunek, «distantziak zainduz, baina sekula baino gehiago jarduna kolektibizatuz».
Jaurlaritzak agindutako laguntzak ez dira oraindik heldu
Ahalegin berezi horiek guztiek aparteko lan karga suposatuko dute, eta ez hori bakarrik, baita diru inbertsio gehigarria ere, izan ere, Jaurlaritzak agindutako laguntzak ez dira oraindik heldu, haien artean, irakasle errefortzua edota ikasgela berrien doitzea osasun eta segurtasun neurriak bermatzeko.
Haurtzaro eta Orereta ikastolek orain arte eskuratutako material guztia zentroen kontu ordaindu da, eta Txingudi ikastetxeari jarraibideen dokumentuak, gel hidroalkoholikoa, maskarak eta termometro bakarra dira helarazi dizkioten baliabideak.
Ratioak gaindituta
Laguntza oro gutxi da. Zuzendariek salatu dute geletako ikasle ratioak gaindituta dituztela eta agintaritzak eskatzen dituen segurtasun neurriak bermatzeko ez espaziorik ez irakaslerik ez dutela. Ulertzen dute egoera berria dela denontzat, eta honen kudeaketa ez dela gauza erraza, baina agintaritzaren gardentasuna bota dute faltan.
Gonzalezek «ile hartze» kutsua ere hartu die hainbat arduradunek emandako erantzunei, ikasturte hasierarako bidea erraztu beharrean zaildu egin baitiete: «Gure ustea da gauzak atzeratzen ari direla, nahita. Mezuak bidaltzen dituzte baina ez dago ekintzarik».
Jaurlaritzak zehaztutako neurri berrien artean 10 pertsona baino gehiago biltzearen debekua dago, eta horrek azken orduko erabakiak hartzera behartu ditu ikastetxeak. Guztiek zituzten aurreikusita gurasoekin bilerak edo formakuntzak ikasturtea hastearekin batera, baina azken orduko erabakiek elkartze hauek nola egingo dituzten birplanteatzeko beharra ekarri dute.
Hasiera batean behintzat, helburu kurrikularrak alde batera utziko dituzte
Oztopoak oztopo, ikastetxeetako profesionalek gogotsu ekingo diote galdera ikurrez jositako ikasturte berriari: «Dena da ezjakina eta zalantzakorra; horrek ez du egoera batere errazten», dio Haurtzaroko zuzendariak, «baina egin, egingo dugu, hori ziur dakit. Ikasturte interesgarria izango da, zalantzarik gabe; intentsua».
Horretan bat dator Erasun, zeinarentzat, lehentasuna, ikasturtea «ilusioz hornituta hastea» den. Gogoari kezka puntua erantsiz egingo diete aurre Txingudin aurkezten zaizkien erronka berriei.
Oreretan egoerari alderdi positiboa bilatzen ahalegindu dira: «Ikasleak luze egon dira gurera etorri gabe eta ikusiko ditugu, horretarako gogoak ere baditugu». Elkar zaintza eta enpatia izango dituzte ardatz bide berri honetan.
Beldurra, kezka, ezjakintasuna, segurtasuna, edo zalantza bezalako hitzak bidelagun izango dituzte ikastetxeek abentura berri honetan. Ahalegin berezia egin beharko dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsen doinuz eguna hasi eta goizero minutu bat eskaintzeko «ditugun gauza onak kontuan hartu», eta «irria aurpegian zintzilikatzeko».