Komertzialetik harago, bada zinema
Bueltan da Ozzinema zinekluba zinema aretoetan, udako zinema zikloa amaituta. Hilabete honetarako hiru film emanaldi programatu ditu; hirurak estreinaldi dira zinema areto komertzial batean.
Bueltan da Ozzinema zinekluba zinema aretoetan, udako zinema zikloa amaituta. COVID-19aren osasun larrialdiak ezarritako normaltasun berrira egokituta heldu da, hilabete honetarako hiru emanaldi antolatuta. Astearteetan egingo dituzte emanaldiak, 19:30ean hasita, eta lehena hilaren 8an programatu du zineklubak. Hirurak estreinaldiak dira, “Espainiako Estatuko areto komertzialetan ez dituzte eman”, azaldu dute antolatzaileek, eta kalitate handikoak direla hirurak gaineratu, esperientzia bakarra eskaintzeko asmoz ikusleei.
Hilaren 8rako Hone Boy filma programatu dute. Niessen zineman izango da emanaldia.Shia LaBeaufen katarsi ariketa da filma. Hollywoodeko izarrak aitarekin zuen harremanean oinarrituta drama idatzi eta protagonizatzen du zinemaren industrian egindako lehen urratsetan.
Zinemaz eta bere industriaz mintzo da filma, karrerak sortzeko pertsonak irensten dituen makina batez ordaindu beharreko prezioa kontuan izan gabe.
Filmaren emanaldiaren ondoren ez da solasaldirik izango, eta sarrerak Niessen Kulturguneko harreran daude salgai 4 euroan.
Hilaren 15ean, You dont Nomi eta hilaren 29an, Como hablar con las chicas en las fiestas filmak emango dituzte.
