Kultur eztena ziztatzeko prest
Eztena jaialdiaren ekinaldi berria aurkeztearekin batera, kulturaren zaintza sarea osatzeko deia egin dute antolatzaileek.
Datak aldatu eta egitaraua errotik berrasmatzera derrigortu ditu COVID-19ak, baina zailtasunak zailtasun, honetan ere asmatu dute Zizt! eta Mikelazulo elkarteek eta traba denak gainditzeko lan handia eginda hastear da Eztena Arte Eszenikoen Jaialdiaren hamabigarren ekinaldia.
Egungo egoerara moldatu behar izan badute ere, hasierako helburuei fidel dator jaialdia: Euskal Herrian sortzen diren proposamen arriskatuenei jarri die arreta, euskal eszenari eta oro har, sorkuntzari, beste begirada mota bat zabaldu nahian.
Atzo goizean aurkeztu zuten aurtengo Eztena, Oier Guillan eta Ainhoa Alberdi antolakuntzako kideak, eta Ion Collar Kultura zinegotziak.
Bi ardatz izango ditu aurtengo jaialdiak: Euskal Teatroko belaunaldi berrien lanak erakustea; horren barruan, Formol Kolektiboa, Tripak Kolektiboa, Erika Olaizola eta Kamikaz Kolektiboa, Hatxe taldea, Jon Ander Urresti, Xanti Agirrezabala eta Maite Aizpurua arituko dira.
Beste ardatza, berriz, Errenteriaren 700. urteurrenaren ekitaldiekin bat eginez, Eztenaren barruan antolatu dute ezohiko laborategia da. Sra. Polaroiska kolektiboaren eskutik sortu dute laborategi hori. «Kolektiboko kideek ikerketa egin dute udan zehar Gamon zumardiko dantzaldiak ardatz hartuta —azaldu dute antolatzaileek—. Horretan oinarrituta laborategia gidatuko dute hilaren 7tik 12ra, eta horren emaitza jaialdian erakutsiko dute performance ireki batekin».
Bi proiekturen egonaldiak
Ez dira baina, ekintza bakarrak izango, Formol kolektiboak eta Jon Ander Urrestik, sormen prozesuan dauden bi proiekturen egonaldiak egingo dituzte eta egonaldi amaieran erakustaldi irekiak egingo dituzte.
Tripak Kolektiboak, bestetik, emanaldia egitearekin batera, performance ikastaroa eskainiko du: Tripak kalera: antzerki tailer esperimentala.
Egungo egoeraren gaineko hausnarketarako tartea ere hartu dute agerraldian, «beste askok bezala, berrasmatu behar izan dugu». Horren harira bi kontu nabarmendu dituzte: «jendarte gisa ezin gara lokartu, kultura beharrezkoa dela eta egungo egoeran ere badaudela moduak kultura antolatu eta babesteko argi esan nahi dugu». Ideia eta eskaera zehatza, kulturan ere, beharrezkoak direla zaintza sareak.
Nabarmendu duten bigarren gauza, Errenteriako Udalari esker ona, «inplikazioagatik eta berrantolaketa posible egiteko agertutako babesagatik».
Duela urte batzuk sortu zuten Eztenakide figurak ere izango du protagonismoa aurtengo ekitaldian. Eztenakide txartela izango da eskura, eta horrekin bat egiten dutenek, Eztenakide Sareko kide izateko aukera baliatu ahalko dute. Bigarren horren helburua, publikoaren eserlekuetatik euskal teatroa babestu eta bultzatzea da «bakoitzaren arabera», antolatzaileen esanetan.
Emanaldiak doan
Eztenakide txartela eskuratzen dutenek, berriz, sariak jasotzeko aukera izango dute emanaldietan parte hartzeagatik. Hala bost emanaldi ikusi eta txartelean zigiluak pilatzen dituztenek antzerki liburu bat jasoko dute; sei emanaldi ikusten dituztenek, berriz, jaialdia pasata antzezlan sorpresa bat ikusteko aukera izango dute antzokian eta esklusiban, gainera.
Jaialdiko emanaldi guztiak doakoak izango dira, baina aurretik erreserba egitea ezinbestekoa da parte hartu ahal izateko: Kultura sailaren web orrialdean , Eztena jaialdiaren web orrialdean (orrialde horretan jaialdiaren informazio guztia kontsulta daiteke) eta Niessengo harreran eskuratu daitezke astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Egitaraua
- Hilak 6, igandea. Tripak Kolektiboaren Urruna lana Niessen auditorioan, 19:30ean.
- Hilak 10, osteguna. Jon Ander Urrestiren Baserri galduen gorputz biziak lanaren egonaldi irteera Niessengo entsegu gelan, 18:30ean; Formol kolektiboaren Makala lanaren egonaldi irteera Niessen auditorioan, 19:30ean.
- Hilak 11, ostirala. Santi Agirrezabalaren Satiro lana Niessen auditorioan, 19:00etan; Maite Aizpuruaren Erresistentzia arazo fisikoa da lana, Niessen auditorioan 20:30ean.
- Hilak 12, larunbata. Kamikaz Kolektiboa, Erika Olaizolaren Panpina, Niessen auditorioan, 17:00etan; Sra. Polaroiskaren Alamedako dantzaldia performancea Koldo Mitxelenako jolastokian, 19:00etan; Hatxeren kontzertua Panpin hautsien dantza Niessen auditorioan, 22:00etan.