Gipuzkoatik etorritako bisitarien kopurua hazi da Oiartzunen
Turismo Bulegoaren balorazio positiboa egin du Oiartzungo Udalak. COVID-19ak baldintzatutako udara izan da, Kanpoko bisitariek behera egin dute.
Oiartzungo turismo bulegoa gaur zortzi itxi zuten, uztaila eta abuztua irekita egon ondoren. Bertako langileek egoera berezian egin behar izan dute lan, COVID-19a prebenitzeko neurriak hartuta.
Pandemiak dena baldintzatu du, baita turismoan ere. Turismo bulegoak jaso dituen bisitari gehienak gipuzkoarrak izan dira. Iazko datuekin konparatuta, kopurua nabarmen hazi da. Behera egin dutenak, berriz, Espainiako Estatuko zein atzerriko beste herrialdeetako bisitariak izan dira.
“Bisitari gehienak mendiak eta naturak erakarrita etortzen dira Oiartzunera. Herriko interes puntuen eta museoen berri ere eskatzen dute. Aurten, telefonoz eta e-posta bidez jasotako kontsulta kopurua ere igo da”, adierazi du Oiartzungo Udalak.
Uda honetako eskaintzaren barruan, Tren Berdea nabarmendu nahi izan dute. Arditurriko meategiak bisitatzera eramaten duen garraioaren toki guztiak bete dira (658).
Oiartzuar bisitarien gorakada ere nabarmena izan da turismo bulegian. Arrazoi nagusiak uda honetan antolatutako Kulturabirusa zikloko ekitaldietako txartelak Turismo Bulegoan banatu izana eta Tren Berdea izan dira.