Arditurrin, irailean ez da iparrik galduko
Hilaren 13an eta 27an orientazio jolasean aritzeko aukera egongo da Arditurrin. Goizean bi orduz, hainbat txanda egingo dituzte.
Uztaila eta abuzturako plana zena, irailera luzatu dute. Datorren igandean —eta hilaren 27an—, Iparra galdu gabe orientazio jolasa egingo dute Arditurri parketxean eta inguruetan. Helburua Aiako Harria parke naturaleko txokoak ezagutaraztea da.
10:00etatik 12:00etara egingo dute orientazio jolasa (hogei minutuero izango dira txandak). Parketxetik abiatuko dira, eta elebitan izango da. Parte hartzaile bakoitzarentzako prezioa hiru euro dira. Familia ugarien kasuan, kide batek ez du ordaindu beharrik izango.
COVID-19aren kontrako segurtasun neurriak hartuko dituzte. Talde txikietan ibiliko dira, distantziak mantenduz. Eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa egongo da, eta norberak eraman behar du musukoa.
Izen-emateak eta informazio gehiago 943 49 50 69 edo 688 89 50 68 telefono zenbakietara deituz edo Arditurri parketxearen e-mail helbidera mezu bat bidaliz.