Egoerara egokituta, kulturari ahotsa emango dio Atlantikaldiak
Aurreko ekinaldietako irudirik ez du eskainiko, xumetik antolatutako jaialdia izango da aurten, baina kalitatea, eta sorkuntzari ateak parez pare zabalduko dizkio kulturak inoiz baino beharrezkoagoa duen garai batean.
Birpentsatuta eta egungo egoerara egokituta heldu da aurten Atlantikaldia. Ez du hutsik egingo. Aurreko ekinaldietako irudirik ez du eskainiko, xumetik antolatutako jaialdia izango da aurten, baina kalitatea, eta sorkuntzari ateak parez pare zabalduko dizkio kulturak inoiz baino beharrezkoagoa duen garai batean. Gaur aurkeztu dute Atlantikaldiaren zazpigarren edizioa Aizpea Otaegi errenteriako alkateak, Iker Tolosa Errenteriako Udaleko Kultura teknikariak, eta Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria.
Egungo egoerara moldatuta, erabat egokituta hilaren 24tik 26ra (ostegunetik larunbatera) egingo dute Atlantikaldiaren barruko musika jaialdia, Fanderiako tenis pistan. Zaintza eta osasunari erreparatu die lehenik, Otaegik: “Bizi dugun egoerara moldatzeko moduko planteamendua egin da eta orain arte bezala, osasuna erdigunean jarriz, segurtasun eta berme guztiak txertatuz jaialdiaren beraren planteamenduan eta antolaketan”.
Hiru ardatz izango dituela jaialdiak zehaztu du Otaegik: lehenengoa, musika jaialdia izango da, hilaren 24tik 26ra Fanderiako tenis pistan izango dena da: “Nazioarteko artistak eta bertakoak elkarrekin, Atlantikaldian ohikoak diren ikuskizun bakarrak eskainiko dituzte”.
Bigarren ardatza, Atlantikaldiaren izaerarekin lotuta dagoen eragileen parte hartzea da alkateak azaldu duenez. “Ohi bezala, eragileek beren proiektuak eta beraien ikuskizunak proposatu dizkigute eta hemendik eta urte amaiera bitarteko programazioan txertatuko ditugu, eta beraz, horrek emango digu aukera Atlantikaldia urtean zehar luzatzeko aukera”. Eskerrak eman dizkie Otaegik Errenteria-Oreretako eragileei, batez ere hain garai zailetara egokitutako proposamenak egiteagatik.
Hirugarren ardatza, elkarlaneko prozesuak izango dira, “sorkuntza prozesuak”, nazioarteko artistek eta bertakoek egindako elkarlanen emaitza izango da: “Mestizajea eta elkarlana ere oso ezaugarri propioa du Atlantikaldiak, eta hori ere, urtean zehar luzatuko den zerbait izango da, beren sorkuntzekin gozatzeko aukera izango dugulako gure kultur programazioaren barruan”.
Egokituta helduko da Atlantikaldia, baina sustatu nahi dituen balioak ahaztu gabe, Otaegik nabarmendu duenez. Aurtengo leloari ere erreparatu dio alkateak, Ortzimugak da. Pandemia aurretik aukeratuta zuten leloa, baina ezin hobeto datorkiola esan du: “Oso egokia da bizitzen ari garen egoerarako. Ortzimugak, animatzen gaitu aurrera egitera, eta badu lotura ere bilaketarekin. Iruditzen zaigu bagaudela aurrera egiteko animatzeko une batean eta eta bagaudela ere bizi nahi dugun errealitatearen inguruan bilaketak egiteko testuinguru batean”.
Kultura ere, erdigunean
Kulturari erreparatu dio Otaegik, eta erdigunean jarri: “Errenteria oso lotuta dago kultur sorkuntzarekin, kultura bizi dugu eta pandemiak pandemia, esango nuke, herri honetan kultur eskaintzak ez duela etenik izan. Konfinamendu garaian kultur sorkuntzari eta kultur eskaintzari eusten Kultur Labearen bidez; ondoren, udako programazioa etorri zen, eta hor ere apustu bat egin genuen kalean egindako kultur eskaintzarako; une honetan Eztena bizitzen ari gara, eta Atlantikaldiarekin ere aurrera egitea erabaki dugu”. Horren atzean ideia nagusia kokatu du: “Kultura behar dugu eta kulturak behar gaitu”.
Eskerrak eman ditu Mari Jose Telleriak, eta zorionak ere: “Ortzimuga beti aurrean izan duzue, eta herri honetara deitu bakoitzean beti mezu alaia eta animoz betea jaso dugu. Erakutsi duzue, gainera, aukera badagoela kultura sustatzen eta egiten jarraitzeko, eta aukera hori aprobetxatu beharra dagoela. Pandemian zehar profesionalei ahotsa eta lekua eman diezue, eta orain beste mugarri garrantzitsua Atlantikaldia izango da”. Jaialdia beste dimentsio batekoa izango da. Horren harira nabarmendu egin du kultura zuzendariak jaialdia birpentsatzeko gaitasuna, “horretarako indarra, kemena eta ilusioa izan duzue”.
Kulturarako garai txarrak direla esan du Telleriak. “Ez da erraza agertokiak aurkitzea, ez da erraza hau dena antolatzea ardura handiarekin, baina Errenterian beldurrik ez dagoela erakutsi duzue kulturaren alde, egoera honetan ere, apustu egiten jarraitzeko eta beste herri askorentzat eredu izaten ari zarete”.
Musika emanaldiak
Iker Tolosak eman ditu musika emanaldien gaineko zehaztapenak. Emanaldi guztiak Fanderiako tenis pistan izango dira, eta nazioarteko parte hartzea izango dela kontzertuen adierazgarri nabarmena esan du: “Atlantikaldiaren ezaugarria den kulturartekotasuna eta musika influentzia ezberdinak pasako dira agertokitik”. Influentzia oso ezberdinak biltzen dituzten sei kontzertu antolatu dituzte, eta seietan itsas elkarrizketak antolatzea lortu dutela erantsi du Tolosak—nazioarteko eta bertako artisten kolaborazioak izango direla oholtza gainean, alegia—.
La Yegros kantari argentinarrak zabalduko du Atlantikaldiaren musika emanaldien egitaraua. Argentinako cumbia berriaren eszenari ukitu feminista eman dio. Chamane dubetik funky koplara, eta cumbia rapetik abesti dantzagarrienetara doan nahasketa bitxi eta lehergarria eskaintzen ditu. Argentinarrak, Ines Osinagarekin partekatuko du agertokia hainbat abestietan. Kontzertu hori hilaren 24an, osteguna, izango da 20:00etan.
Ostirala 25erako bi kontzertu antolatu dituzte. Guillem Roma Bartzelonako musikaria igoko da lehenik agertokira, 19:00etan. Aberastasun musikala eta nortasun propioa duten kantak eta sormena dakar, proposamen freskoa, originala eta etiketa estandarizatuetatik ihes egiten duena. Latinoamerikako tradizioetatik, erritmo balkanikoetatik eta Mediterraneoko soinuetatik edan du, eta hala erakusten du bere doinuetan. Romak, Afrika Binbang izango du lagun hainbat unetan eszenatokian. Arat Kilo & Mamani Keita da bigarren taldea. 21:30ean hasiko da horien emanaldia. Taldearen Ethiojazza Parisko musikarien topaketa da. Mad Muasel Bilboko rap abeslariaren laguntza izango dute.
Larunbata 26an hiru emanaldi antolatu dituzte. Pedro Pastor y los locos descalzos 12:00etan arituko dira. Rap, funk erritmo latinoak uztartzen ditu eta kritika sozial eta politikoak ere badu tartea bere abestietan. Pastorrek Izaro izango du lagun agertokian. Bigarren emanaldia, arratsaldez helduko da: Oum eta Alos Quartet. Marokoko basamortuko soula, hip hop, jazz, bossa nova, blues eta soula nahastuz. Emanaldia 19:00etan izango da.
Musika emanaldiekin bukatzeko Che Sudaka talde kolonbiar-argentinarrak bisitatuko du Fanderiako agertokia. Bartzelonan sortutako taldea Latinoamerikako folklorea, Jamaikako erritmoa, punk jarrera eta sound system nahasketa da. Paperik gabeko etorkinaren bizitza bere azalean bizi izan dute lau musikari hegoamerikarrek. Kolaborazio oso berezia izango dute Atlantikaldiaren barruan egingo duten emanaldian, Huntza taldeko Josune Arakistain, Uxue Amonarriz eta Aitor Huizi. Emanaldia, 21:30ean. Azken emanaldiari erreferentzia egin dio Tolosak azaltzeko erronka izango dela kontzertua jarraitzea aulkitik mugitu gabe.
Berme guztiekin
Berme guztiekin egingo direla kontzertuak erantsi du Tolosak: “Antolakuntza taldeak kontzertuetan segurtasun neurriak bermatzeko osasun neurri berezi eta zorrotzak hartu ditu. Emanaldietarako sarrera eta irteera ezberdinak izango dira, segurtasun tarteak zainduko ditugu, eserita ikusiko dira kontzertuak, gel hidroalkoholikoa egongo da eta aforoa gonbidapen sarreren bidez kontrolatuko da”.
Gonbidapen horiek hilaren 14an —astelehenean— banatzen hasiko dira. Modu presentzialean, Niessen Kulturgunean banatuko dituzte 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta online, Atlantikaldiaren webgunearen bidez. Pertsonako bi sarrera eska daitezke. Tolosak gonbidapenen erabilera arduratsua egiteko mezua zabaldu du gaurko agerraldian: “Aforoa mugatua izango da eta jende askok ezingo ditu emanaldiak ikusi, garrantzitsua da hutsik lekurik ez gelditzea, erabili gabeko gonbidapenik ez gelditzea”. Horren harira, gonbidapenak eskuratu eta emanaldira joaten ez direnei horiek deuseztatzeko eskatu diete, beste batzuek erabil ahal ditzaten. Hala ere, emanaldiak hasi baino hamar minutu lehenago bertaratu ez diren pertsonen gonbidapenak baliogabetu egingo dira.
Jaialdiaren irudiaren gainean mintzo da azkenik Atlantikaldiaren zuzendaria, eta nabarmendu hori ere elkarlanaren emaitza dela. Zehazki, Elizondoko Jose Angel Perotxena ilustratzailea eta Argentinako Josefa Coimbark egin dute irudia.
Kontzertuetarako osasun eta segurtasun neurriak
- Aforoak mugatuak izango dira eta sarrera soilik gonbidapen bitartez izango da.
- Sarrera ordutegiak errespetatu beharko dira jende pilaketak ekiditeko.
- Sarreran, eskuak gel hidroalkoholikoz garbitzea nahitaezkoa izango da.
- Musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da ekitaldiak irauten duen tarte osoan.
- Pertsonen arteko distantzia 1,5 metrokoa izango da.
- Kontzertu guztian zehar aulkian eserita egon beharko da.
- Aulkiak kontzertu bakoitzaren ostean desinfekzio likidoarekin garbituko dira.