«Errenterian gauza asko topatu ditut; batez ere, elkartasuna»
Duela hemeretzi urte heldu zen Pablo Carral galiziarra Errenteriara maitasunagatik. Ordutik bizi da bertan. Bidean, euskaldun oso, Zintzilik Irratiko kide, eta Gaztañoko bizilagun aktibo bihurtu da.
Pablo Carral (Burela, 1976) 2001ean heldu zen Galiziatik Euskal Herrira, Errenteriara, zehazki. Maitasunak ekarri zuen bertara, bere bikotekidea Tolosako inauterian ezagutu eta urtebetera bizitzera etortzeko aukera izan zuen. Ordutik hemen da. Hemeretzi urte bete dira herrira heldu zenetik Hitza-rekin hitz egin duen egun berean [astelehenekoa da elkarrizketa].
Errenteriara iritsita, euskara ikasten hastea izan zen hartu zuen erabakietako bat: «Nire hizkuntza errespetatzea gustatzen bazait, heltzen naizen lekukoa errespetatu behar dut nik; logika eta koherentzia kontua da, lehenik eta behin».
Zintzilik Irrati librean saioa du Carralek, eta Gaztañon, bizi den auzoan, auzo elkarteko kide eta hainbat proiektutako partaide da, ezinbestekoa iruditzen zaiolako «murgiltzea».
Noiz heldu zinen Errenteriara?
Gaur bertan [Astelehenean elkarrizketa zuen HITZA-k] hemeretzi urte bete dira iritsi nintzela bertara bizitzera.
Eta zergatik aukeratu zenuen Errenteria?
Urtebete aurretik, Tolosako inauterian Amets [Aizpurua] ezagutu nuen (bikotekidea), eta harremana urruntasunetik elikatu genuen, distantziara jarraitu genuen denbora tarte batez. Gerora, lanean, aukera sortu zitzaidan Euskal Herrira etortzeko. Galizian jarduten nuen lantegiari Donibaneko termikan lan batzuk atera zitzaizkion, eta nik eskatu nuen trasladoa bertara.
Hiru hilabeterako lana zen berez, eta gerora Bilboko delegazioan gelditzeko edo Galiziara itzultzeko aukera eskaini zidaten. Bikotea eta biok ondo moldatu ginen hiru hilabete horietan, eta Bilboko delegazioan gelditzea erabaki nuen.
Maitasunak ekarri ninduen, beraz, Errenteriara.
Zer aurkitu zenuen iritsi zinenean, nolakoa zen Errenteria hura zuretzako?
Herri txiki batetik nentorren, Burelatik (Lugo, Galizia). Burelak 10.000 biztanle ditu. Egun asko entzuten da herriaren izena, bertan den Alcoa lantegia ixteko puntuan dago, eta protesta ugari egiten ari dira azken aldian.
1970eko hamarkadan zabaldu zuten lantegi hori eta jende pila joan ginen bertara; ni Coruña ondoko herri batekoa naiz baina aita Burelara joan zen lanera eta sei urtetatik han bizi ginen. Burela herrixka zen eta herri bihurtu zen hamar urtean, baina herrixka baten izaera du oraindik ere. Gazte pila bildu ginen bertan, Euskal Herriko jendea, asturiarrak, Gaztela Leongoak…
Halako ingurune batetik heldu nintzen hona. Errenteria hiri handia da. Tamainaz gain, politikoki ere eman zidan atentzioa, jendea militanteagoa da bertan, ‘hau egin behar da eta egiten da’, ni nentorren eremuan hausnarketa sakonagoa-edo egiten da, punta ateratzen zaio guztiari.
Gaztañon bizi naiz heldu nintzenetik, eta Gaztaño ezberdina da. Auzoaren izaera Galiziakoaren antzekoagoa ikusten dut.
Hiri itxura zuen Errenteriak, eta horrek eragin zidan, zalantzarik gabe. Herriak bata bestarekin itsatsita zeudela iruditu zitzaidan, Donostiatik Errenteriara etortzerakoan ez nintzen gai izan biak bereizteko, denak bat ematen zuen. Ni ohituta nengoen herri txikira, mendiz inguratutako herrixketara, paisaia berdera. Errenteria hiria da, aurrerapena.
Euskalduntzea erabaki zenuen Errenteriara iritsi eta berehala.
Iritsi bezain pronto hasi nintzen euskalduntzen, lehenik etxean bikotekidearekin. Hiru hilabeterako etorria nintzen printzipioz, eta ez nekien epe hori amaituta zer gertatuko ote zen. Ez nuen orduan izena eman euskaltegian, baina euskararekin murgiltzen hasi nintzen.
Bikotekidearen ahizpak Xenpelar AEK-ko irakasleei materiala eskatu zien eta horrela hasi nintzen. Ariketa orriak, teoria, azalpenak…
Enpresak hemen gelditzeko aukera eman zidanean izena eman nuen euskaltegian, eta Xenpelar AEKn euskaldundu naiz.
Euskalduntzearena argi zenuen, ezta?
Hala da. Nik Galizian galiziera erabiltzen dut, eta bertaratzen direnek nire hizkuntza errespetatzea nahi dut; logikoa da, beraz, Euskal Herrian euskara erabiltzea. Lehenik errespetuagatik, nire herrira datorrenari nire hizkuntza errespetatzea eskatzen badiot, nik gauza bera egin behar dudalako. Batetik, logika eta sentimendua daude, eta horrekin batera norberaren ideologia dago. Nire ideologiarekin zintzoa izan behar nuen, eta horren araberako erabakiak hartu.
Euskaldun osoa zara. Zaila izan da euskalduntze prozesua?
Nik uste dut mito bat dagoela horren atzean, jendeak oro har dio oso zaila dela euskara ikastea. Ez da zaila. Ez da asko Galizian bertan esan didatela lagun batzuk zaila behar duela euskara ikastea. Haietako bat gitarra jotzen ari zen. Niretzat zaila da gitarra jotzea, adibidez, baina kontua jartzea da, intentzioa, gogoa. Topikoak kendu, ezabatu beldurrak eta orrialde zuriaren gainean hastea idazten… gauza bera da euskara ikastea, murgildu eta eramaten uztea.
Zenbat denbora eman zenuen euskaldun oso izateko prozesuan?
Hiru ikasturte egin nituen Xenpelar AEKn. Hortik aurrera lotsa kentzea tokatu zitzaidan eta hitz egiten hastea. Urrats inportantea da hori. Lehenengo huts egiteak dituzu, eta ikasten zoaz… Prozesu horretan ohartu naiz jendeak eskertzen duela asko intentzioa; ondo edo gaizki egin, berdin dio, ikasiko duzu, intentzioa da garrantzitsua eta jendeak laguntzen dizu.
Errezetaren osagaiak, beraz, orri zurian idazten hastea, topiko guztiak kentzea, eta murgiltzea lotsa guztiak galduta. Kostatuko da hilabete, bi, urtebete… baina hortik aurrera dena egina dago .
Euskaldun osoa zara, eta galizierarekin, noski, ez duzu harremana eten. Harago, hori zabaltzen duzu errenteriarren artean Zintzilik Irratiaren bidez. Zer egiten duzu bertan?
Harreman estua nuen Zintzilik Irratikoekin, eta Errenteriara heldu eta gutxira Oarsoaldera etorri berria zen beste lagun bat ezagutu nuen: Xan Mourinho. Bera ere Galiziatik heldutakoa da eta biok ginen etorkinak, heldu berriak… eta lagun minak egin ginen.
Gaztañoko jai batean aurkitu ginen eta gero euskaltegian hasi zen bera ere euskalduntzen, eta han kointziditu genuen. Zintzilik-eko Honorio Altunak esan zigun ea zergatik ez genuen Zintzilik Irratian saio bat egiten.
Aitortu behar dut nik banuela gogoa halako zer edo zer egiteko, programa bat egiteko. Hitz egin genuen Xan eta biok eta erabaki genuen programa egiten hastea. Saioa egiteko arrazoi nagusia hutsune bat ikusten genuela da. Galiziako jendearenganako iritzia topikoz beteta zegoela ikusi genuen, arlo guztietan. Baita politikoan ere. Eta hura desmuntatzen hastea erabaki genuen, topiko horiek astintzea, eta erakustea jendeari beste Galizia bat badagoela, hautsa horren azpian, topiko horien azpian beste pertsona eta beste herria dagoela, hemengoa bezalakoa, eta bere izaeraren alde borrokatzen duena, hemen bezala.
Nola deitzen da zuen saioa?
Likor kafea du izena irratsaioak.
Zenbat denbora daramazue saioa egiten?
Hamabost urte dira hasi ginela, eta jarraitzen dugu…
Badakizu zenbat galiziar bizi diren Errenterian?
Egia esan ez dut datu hori ezagutzen. Xanek eta nik lan bat egin nahi izan genuen, harremantzeko Galiziatik heldutako etorkinekin. Horretarako Galiziako Etxeekin lan egiten saiatu ginen, baina ohartu ginen sukurtsalak zirela. Nire iritzia da hori, eta egia da badagoela jende bat, adibidez, Donostiako Etxearen barruan oso ondo egiten ari dena lan, baina kanpotik etortzen bazara, Galiziatik bazatoz ez duzu espero duzuna jasotzen.
Nire ustez, betiere, nahiko desfasatuta gelditzen ari dira, 1960 eta 1970eko hamarkadetan gelditu dira, eta ez du zerikusirik zabaltzen dutenak, gaur egungo Galiziako herritarrekin.
Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?
Berritu beharko litzateke bertan dagoen jendea, baina etortzen garenak ez bagara sartzen ezin da egoera aldatu ere.
Alde batetik, bertan lanean ari direnek duela berrogeita hamar urteko Galiziaren irudia dute, aipatu dudan moduan, eta bestetik, belaunaldi berriak ez dira sartzen.
Baina, aitortu behar dut oso pozik nagoela beste elkarte batzuetan egiten ari diren lanarekin, eta horren adibide da Trintxerpeko Fato Cultural Daniel Castelao. Adinekoak dira, baina Galiziako egungo errealitatearekin lotuta daude, batez ere politika eta kultur arloan aritzen dira. Gainontzekoek ukitzen dute gehiago musika eta gastronomia, gaitak eta muñeirak.
Fato kulturaleko kideak, berriz, beti dira mugimenduan, harremanak dituzte Galiziarekin, eragileekin, jakin-mina dute; Xoxe Estevez bertan ari da… Ez da gehiago esan behar, oso handia da.
Euskaldundu, Zintzilik Irratian galizieraz saioa egin, eta Gaztaño auzoan ere jartzen duzu zure alea egunerokoan. Esan daiteke zure lekua aurkitu duzula Errenterian?
Bai, nire lekua aurkitu dut, eta gustura sentitzen naiz bertan, baina batez ere, gustura sentitzen naiz Gaztañon.
Bikotekideari askotan esan diot: ‘Eskerrak Gaztañora etorri ginela’. Ez dut nire burua Beraungo dorre handi horietako batean kokatzen, preso sentituko nintzateke. Herri txiki batetik nator eta ohituta nago kalera jaisten, jendea agurtzen, harremana izaten ingurukoekin eta hori gabe bizitzea zaila egingo litzaidake oso.
Gaztañon hori badut, harreman estu horiek egiteko aukera dago iristen zaren unetik, nire antzeko jendea topatu nuen, oso gustura sentiarazi naute heldu nintzen lehenengo egunetik, gaztañoarra zara haientzat eta hala sentiarazten dizute lehen unetik. Garrantzitsua da hori.
Bere identitatea oso markatuta dute, herria dute oinarrian eta asanbladak erabakitzen du beti; jendearen inplikazioa ikaragarria da, gainera.
Zenbatero itzultzen zara Burelara?
Saiatzen naiz urtean hirutan joaten.
Zeren falta sumatzen duzu gehien Errenterian zarenetik?
Batzuetan, orokorrean, Galiziako izaera sumatzen dut faltan. Errenteria izango da herria, baina hiri izaera du, jendea korrika atzera eta aurrera dabil. Ez dut horrekin esan nahi Burelan hori gertatzen ez denik, baina filosofia beste bat da, lasaiagoa da.
Galiziako izaera ere halakoa da, ‘lasai, egingo dugu, aterako da, ez kezkatu horregatik, bizitza hori baino askoz gehiago da’; hori da gure filosofia, lasaiagoa finean.
Itsasoa eta bertako haizea. Horren falta dut ere. Gogor jotzen du ipar ekialdeko haizeak. Faltan ditut, batez ere, udazken eta neguko gauak eta haizearen ulua, itsaso usaina.
Hori ez duzu Errenterian, ezta Gaztañon ere.
Ezta Jaizkibelen ere. Burelan, algen usaina, freskotasun hori dago, kresalak usain berezia du, eta hemen ez dut topatu.
1960 eta 1970eko hamarkadetan jaso zituen etorkin gehien Errenteriak, baina gerora ere heldu zarete beste batzuk bertara bizitzera. Zein ekarpen egin diozue herriari?
Oso zaila da. Bakoitzaren esku dago hori, zer ekarpen egin norberak erabakitzen du. Nire kasuan egunerokoan egiten diodala ekarpena esango nuke. Mundua aldatzeko dudan gogoa bada ekarpena Errenteriarentzat, hemen jarraitu dut lanean bide horretan, eta ekarpena batez ere bizi naizen komunitatean egiten dut.
Murgiltzea da gakoa. Murgiltzen ez bazara, berdin du non bizi zaren, ezinezkoa da ekarpena egitea. Murgiltzen zarenean, zure bizilagun komunitatean, zure auzoan, zure herrian, berdin du zein arlo edo espazio fisikoan, ekarpena egiten duzu. Murgiltzen ez bazara, berdin du Badajozen, Bilbon edo Donostian bizitzea, pasako zara eta ez da nabarituko pasa zarenik. Kasu horretan bizitzari zein gizarteari egindako ekarpen bakarra, kontsumitzea izan da. Nire ustea da hori.
Nire ekarpena, beraz, eguneroko inplikazioa da. Auzoan bertan kontu ugaritan nago inplikatuta, baita Zintzilik Irratian ere, hori da nire ekarpena, komunikabide libre bat sustatzea, zutik mantentzea eta bestalde, Gaztañon inplikatzea.
Herritik zer jaso duzula esango zenuke, zer eman dizu herriak?
Gauza asko. Kontuan izan hona iritsi nintzela oso gazte, 25 urte baino ez nituen, eta hemen, Errenterian egin naiz heldu. Falta zitzaidan heldutasun puntua Errenterian osatu nuen. Herri txiki batetik hiri batera iritsi nintzen.
Gauzak egiteko beste modu bat ere eman dit herriak, hori bertan ikasi dut, elkartasuna, militantzia… Batzuetan kendu behar dituzu zure hegoak, eta beste batzuk jantzi. Adiskidetasun handia jaso dut bertan ere.
Bakarra aukeratu beharko banu, elkartasuna hautatuko nuke, zalantzarik gabe.
Duela hemeretzi urte Errenteriara bizitzera etorrita, herri bizigarria, bizitzeko egokia dela esango zenuke zure esperientziatik?
Bai, zalantzarik gabe. Gustura nago herrian, gustura nago Errenterian, eta batez ere oso gustura nago Gaztañon, lehen egunetik bertakoa sentiarazi nautelako.