[Erreportajea] Gardentasunaren argi-ilunak
COVID-19 kasuen inguruan «gardentasun falta» leporatu dio Hondarribiko EH Bilduk EAJren gobernu taldeari. Tiñelu tabernan gertatutakoa ere izan du hizpide koalizioak.
Koronabirus kasu positiboen kudeaketa eta jarraitutako prozedura ez dela bertsua udalerriz udalerri agerian geratu da osasun larrialdi egoera piztu zenetik. Datuak publiko egitea establezimenduen eta udalen esku dago, eta ez dago kasu positiboen berri ematera derrigortzen duen araurik edo legerik Osasun Sailak egunero plazaratutako txostenaz harago.
Hondarribiko EH Bilduren udal taldeak herriko establezimenduetan atzemandako positiboen inguruan «gardentasun falta» salatu zuen iragan astean, orain arte Hondarribiko Udalak ez baitu baieztatu zein salerosketa eta ostalaritza gunetan baieztatu diren koronabirus kasu positiboak. Hortaz, ehunka bisitari jasotzen dituzten establezimenduen benetako argazkia zein den ezagutzea ezinezkoa bilakatzen dela onartu du Xabi Bengoetxea koalizio abertzaleko zinegotziak. Haren arabera, EAJren gobernu taldeak informazioa oposizioarekin partekatu duen arren, eta alkateari hori eskertu behar bazaio ere, haiek ez dute «informazio guztia» jaso.
Establezimenduek jasandako «presio soziala eta ekonomikoa» dira haren ustez datuak publiko ez egitearen arrazoi nagusia. Hala ere, presio sozialari buelta eman behar zaiola sinetsita agertu da Bengoetxea eta Ttopara kafetegia jarri du adibide gisa: «Txalotzeko modukoa da lehen momentutik izan duten jarrera». Areago, haien prozedurak «konfiantza» sortzen duela erantsi du hautetsiak: «Gauzak ongi egin dituztela eta toki segurua dela argi geratu da». Presio ekonomikoari dagokionez, turismoa eta zerbitzuen sektorea tokiko jarduera ekonomikoaren oinarri bilakatzearen ondorio zuzena dela gaineratu du hondarribiarrak.
Birusik kutsakorrena «informazio falta» da Bengoetxearentzat
Ildo horretan, «birusik kutsakorrena informazio falta» dela uste du Bengoetxeak: «Hori nabarmentzen denean denak modu paranoikoan jartzen gara». Hori ekiditeko instituzio publikoak daudela argudiatu du, «hori da gure betebeharra eta bidea». Era horretan, gainera, zurrumurruak eta esamesak ugaritzea ekidin dezaketela erakunde publikoek uste du. Areago, sor daitezkeen informazio faltsuak saihesteko aukera ematen duela informazio ofizialak gaineratu du.
Hori horrela, San Pedro kalean dagoen Itxaropena tabernaren kasua hizpide izan du, eta datuak erabat aldakorrak direla jakitun den arren, zurrumurrua sortu zen unean informazio hori faltsua zela baieztatu ahal izan zuten. «Gurpil zoro bat da informaziorik ez zabaltzea. Kontrastatzeko informaziorik ez dagoenean, ez adituena ezta iturri publikoen informazio ofizialik ere, horrelako gauzak gertatzen dira», gaineratu du.
Eskubideen aldeko aldarria
Bengoetxearentzat, informazio gardena eta ofiziala dira zurrumurruei aurre egiteko gakoa. Osasun agintariek kutsatze komunitariorik egon ez dela ondorioztatzen duten unetik udalak informazio hori hedatzeko «bozgorailu» izan beharko luke haren ustez. Adituen esanetara egotea, beraz, ezinbestekotzat jo du zinegotziak: «Lasaitasunez, beti ere dakitenei entzunez, kasu egiten saiatu eta ardura partekatu beharko genuke».
Osasunerako eta informaziorako eskubideen aurkakoa iritzi dio datuak publiko ez egiteari, izurriak «edonor, edonoiz» jo dezakeelako. Eta egoerari erreparatuta argi dauka koronabirusa herritarren artean egotea ez dela notizia. «Non dagoen eta non ez jakitea eskubide bat da. Norberaren osasunari eta askatasunari lotuta doa informazioa edukitzea», nabarmendu du. Izan ere, informazioak «lasaitasuna» dakarrela ziur agertu da Bengoetxea, «baita norbera bere buruaren jabe izatea ere». Hori ingurukoak zaintzeko ahalmena izatearekin lotu du EH Bilduko zinegotziak.
Osasunerako eta informaziorako eskubideen aurkakoa iritzi dio egoerari
Horrez gain, pertsona zaurgarrienetan eta zaintza lanetan aritzen direnengan indarra jarri nahi izan du abertzaleak. «Zaurgarriak diren pertsona horiek menpekotasunak dituztenean, zaintzaileak batekin eta bestearekin egon behar dute, eta egoera prekarioenetan ere zaindu egiten dituzte pertsona horiek», gehitu du. Hortaz, Osasun Sailak «ahalegina» egin zezakeela uste du, besteak beste, testak errazten: «Beste hainbat lekutan ikusi dugun bezala, izurritik denak elkarrekin ateratzea ezinbestekoa baita».
Lezokoa, «beste erpina»
Lezoko Tiñelun langile baten COVID-19agatik positiboaren harira gertatutakoa «hain justu beste erpina» dela adierazi du Bengoetxeak. Adituei entzun behar zaiela eta kutsatze masiborik ez dagoela esaten badute, aintzat hartu behar direla haien erabakiak iritzi dio. Izan ere, Jesus Mari Martiarena alkateak egindakoa ez dela egokiena izan uste du: «Herritarrak informatzea baino, jendea larritu baitzuen». Eragindako sufrimendu hori «ekidin» zitekeela ziur agertu da.
Lezon PCR proba masiboak egiteko alkatearen deia deitoratu dute
Tiñeluk prebentzio neurri gisa itxi zituen taberna eta elkarteko ateak abuztuaren 24an. Zerbitzari batek beste udalerri batean izandako agerraldi batekin lotura zuela-eta hartu zuen ixteko erabakia zuzendaritzak, «osasun irizpidea» lehenetsiz. Susmoak egi bihurtu ziren tabernariak PCR testan positibo emanda.
Taberna eta elkartea itxita zeuden positiboa jaso zutenerako, Ekaitz Bravo zuzendaritzako kideak azaldu duenez. Atzerapenarekin jaso zuten PCR probaren emaitza. Positiboa ezagututa, osasun agintariak tabernariaren gertuko kontaktuak zein gainontzeko langileak testa egitera deitu zituzten.
Egoera nola publiko egin baloratzen hasi zen orduan zuzendaritza. Gaia «gardentasunez» tratatu nahi zutela azaldu du Bravok, baina «alarmarik ez sortzeko behar bezala kudeatzea» ezinbestekoa ikusten zuten.
Gardentasuna
Komunikazioaren inguruko hausnarketan murgilduta zeudela, Jesus Mari Martiarena Lezoko alkatearen deia jaso zuten elkartekideek egoera zein zen argitzeko eskatuz. Zuzendaritzatik azaldu dutenez, aipatutako planteamendua mahaigaineratu zuten alkatearen aurrean: «Nola kudeatu behar dugu?».
Lasaitasun egoera, baina, erabat irauli zen alkateak PCR proba egitera deitu zituenean lezoarrak. Osasun agintariek tankera horretako deirik egin gabe, agintariak «alarma» egoera eragin zuela herrian uste dute zuzendaritzakoek: «Horren ostean guk deitu genuen lasaitasunera ez baitzegoen testik eskatzen zuen osasun zerbitzurik».
Herritarrek eta ohiko bezeroek egoera honen aurrean «ziurgabetasun handia» helarazi dietela deitoratu du Bravok. Era berean, elkarteari leporatu diote hainbat gabeziren ondorioz sortu dela positiboa batetik, eta ardura zein garbitasunaren gaineko zalantza agertu dutela zenbait herritarrek bestetik erantsi du Bravok.
Hori horrela, osasun aginduek ezarritako desinfekzio lanak beteta asteburura begira irekita egongo da berriz ere Tiñelu, Bravok aurreratu duenez.