Pasaiako alkatea aldundiarekin eta Antxoko Auzo Elkartearekin bildu da
Pasai Antxon azken asteetan jazo diren gertakariak lantzeko bildu da Pasaiako Udala bi parteekin: "Ezinbestekoa da ghettoen sorrera ekiditea".
Pasaiako alkate Izaskun Gómezek bilerak egin ditu aste honetan Maite Peña Gizarte Ekintzako diputatuarekin eta Antxoko Auzo Elkartearekin. Aldundiari Antxoko barrutiaren egoera larriaren berri eman dio Udalak, tutoretzapeko etxeetan jarriz fokua. “Bazterkeria-egoera larrian dauden kolektiboen arazoari aurre egiteko beharra” nabarmendu du Gomezek. Pasaian tutoretzapeko etxebizitza gehiegi daudela berresan du alkateak.
Izaskun Gomezek foru arduradunei adierazi die ezinbestekoa dela “kontrola indartzea eta ghettoen sorrera ekiditea, gero bizilagunek pairatzen dituztelako ondorioak”. Bilkuretan hainbat konpromiso lortu dira, besteak beste: eragindako alderdi guztien arteko koordinazioa areagotzea (Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, udala eta elkarteak).
Horrez gain, udalak adierazi du jada aldatu direla Luzuriagako trastelekuen sarrailak, horietan okupazio irregularrak antzeman ondoren. Ildo horretan, patruilak eta polizia-zaintza indartzen jarraituko da eremu horretan, prebentzio gisa.
Era berean, alkateak proposatu du bizilagunekin aldian behin biltzea, barrutiari buruzko informazioa, kezkak eta proposamenak elkartrukatzeko.