Eraldaketa Feministarako Eskolak urrian hasiko du ikasturte berria
Ahalduntzeko erremintak emakumeen eskura jarriko ditu Eraldaketa Feministarako Eskolak. Urrian hasiko du ikasturte berria, eta 11 jarduera antolatu ditu Errenteria-Oreretako emakumeei eskaintza zabala eta askotarikoa egiteko.
Ahalduntzeko erremintak emakumeen eskura jarriko ditu Eraldaketa Feministarako Eskolak. Urrian hasiko du ikasturte berria, eta 11 jarduera antolatu ditu Errenteria-Oreretako emakumeei eskaintza zabala eta askotarikoa egiteko. Aurrez aurrekoak izango dira saio guztiak, eta horregatik, aforoa murriztu eta ikastaro bakoitzeko plaza kopuru zehatza ezarri dute. Osasun egoeraren arabera, jarduerak aurrezn aurre edo online formatura egokituko dituzte.
Eskaintzaren barruan, hiru ikastaro, lau tailer, eta beste lau jabekuntza talde antolatu dituzte. Honakoak dira ikastaroak: Emakumeen autoritatea. Emakumeak aurrera; Munduko emakumeen literatura; eta Norberak bere gela: Curriculum ezkutuak. Tailerren barruan, berriz, autodefentsa feminista; Tupersex subertsiboa, feminismoa, kontsumo arduratsua eta plazerak; Berdintasunetik maitatzea; eta, nolakoa litzateke Errenteria emakumeek diseinatu izan balute? antolatu dituzte. Jabekuntza taldeak azkenik, lau izango dira: Indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko emakumeen gunea; emakume zaintzaileentzako topagunea; gorputzaren kontzientzia eta erlaxazio gunea; eta batukada feminista.
Jarduera guztiak doakoak dira eta izena emateko epea hilaren 21etik urriaren 2ra izango da zabalik, tailerren kasuan izan ezik, horietan izena emateko epea, hasi baina hiru egun lehenago itxiko dute. Izena emateko Zu! Zure Udala arreta zerbitzura jo bahera da —hitzordua eskatu behar da aurretik 943 449 600 telefono zenbakira deituta— edo online udalaren web orrian. Eskola feministaren gaineko informazioa nahi izanez gero, berriz, Emakumeen Etxean edo 943 449 630 telefono zenbakira deitu daiteke astelehen eta ostiraletan 09:00etatik 13:00etara, eta astearte, asteazken eta ostegunetan, 16:00etatik 20:00etara.
Ikasturte hasiera
Ikasturtea hasteko jardunaldia antolatu dute hilaren 17an Emakumeen Etxean, eta Bea Egizabalek bakarrizketa egingo du lehenik gazteleraz 18:00etan Ven que te cuento eta ondoren, euskaraz, Ba al dakizu?.
Edukiera mugatua izango da, eta horregatik beharrezkoak izango dira gonbidapenak. Doakoak dira eta bibe.me plataforman edo Emakumeen Etxean lor daitezke.
Eskola feministaren arduradunek iazko datu onak nabarmendu dituzte, “aurreko urteko kopuruak bikoiztu egin ziren iaz, 258 emakumeek eman zuten izena —aurreko urtean 115 izan ziren—. Konfinamendua gorabehera, ikastaro gehienak online jarraitu zituzten, “ikasleen laguntza sarea eta eta inklusio digitalean aurrera egiteko beharraren garrantzia agerian utzi dute”. Hori horrela, teknologia berrien hastapen ikastaroa emango dute ikastaro bakoitzaren eskola orduetan, ikasleei komunikatzeko eta partekatzeko tresna digitalak emateko”.