Bidegorriko seinalizazioa berritu dute, uniformatzeko
Lurreko zein zutikako seinaleak berritu dira uda honetan. Egoera kaskarrean zegoena konpondu, eta berria ere jarri dute.
Bidegorri sareko seinalizazioa berritu dute uda honetan, Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez. Lurreko (seinalizazio horizontala) zein zutikako seinaleak (bertikala) berritu dituzte.
Helburuetako bat zen bidegorri osoko seinalizazioa bat etortzea, uniformea izatea. Talaiatik Arditurrira bitarteko lurreko seinalizazioa egoera kaxkarrean zegoela eta, berritu dute. “Obrak egiteko beste arrazoia segurtasuna hobetu eta erabiltzaileentzako arauak argiago egotea izan da”, adierazi dute udaleko iturriek.
Arragua eta Ergoien auzoak lotzen dituen tartean ez ezik, Altzibarren ere egin dituzte hobekuntzak. Zehazki, Olalde-Cadaro eremuan herriko gainerako seinaleen berdinak jarri dituzte, koherentzia emate aldera.
Seinalizazioa berritzeko lanek lau aste iraun dute, eta 26.325,18 euroko kostua izan dutela jakinarazi du Oiartzungo Udalak.