Euskaraldian izena eman duten entitateek pausoa ematera animatu dituzte gainontzekoak
Hizkuntzen kudeaketan aurrerapausoak emateko eskatu dute Euskaraldiko batzordeak eta eta parte hartzen ari diren entitateek.
Euskaraldian izena eman duten Oiartzungo entitateek, Euskaraldiko batzordeko kideekin batera, agerraldia egin zuten atzo arratsaldean, kontzejupean. Oraindik izena eman ez duten komertzio, enpresa, eragile eta gainontzeko entitateei dei egin diete beraiek jada egin dutena egin dezaten.
Nabarmendu dutenez, euskarazko zerbitzua eskainita, kalitatezko zerbitzua ematen da. Onartu dute egoera zaila dela, baina hizkuntzen kudeaketa alde batera ez uzteko eskatu dute. “Bakoitza dagoen egoeratik abiatuta, hizkuntzen kudeaketan aurrerapausoak ematera animatu nahi zaituztegu herriko entitateak, horretarako Euskaraldia ariketa baliagarria izango dela sinistuta”, gaineratu zuten.
Euskarazko zerbitzua bermatzearen edota lan egitearen onurak zerrendatu zituzten: “entitate hobea, modernoagoa, inguruarekin errotuagoa izatea eta zerbitzu hobea eskaintzea dakartza, besteak beste”.
Izen ematea
Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo dute. Hala ere, izen ematea irailaren 27an —igandearekin— itxiko dute. Horregatik, oraindik izena eman ez duten entitateak animatu dituzte. Horretarako Euskaraldiaren webgunean sartu behar da.
Euskaraldiko batzordeak harremanetarako bideak jarri ditu. 943 26 01 82 telefono zenbakira dei daiteke, edo e-posta bidez idatzi.
