Miñanen testigantza Oiartzunera ekarriko du Amets Arzallusek
Bertsolari eta kazetari hendaiarrak 'Miñan' liburua aurkeztuko du urriaren 1ean, Oiartzungo hiru eragilek gonbidatuta.
Amets Arzallusek bertsolari eta kazetariak Miñan liburua aurkeztuko du urriaren 1ean —osteguna—, Oiartzungo Irakurketa Taldeak, 10301 taldeak eta Elika kooperatibak gonbidatuta. Saioa udaletxeko pleno aretoan izango da, 19:00etan hasita. 40 lagun sar daitezke aurkezpenean.
Ibrahima Balde Miñan lagunaren bizimodua kontatu du Arzallusek. 2018an Gineatik Irunerako bidea nola egin zuen azaltzen du, eta nola artatu zuen Irungo Harrera Sareak. Egoera zailetan iristen badira ere, Miñanena are zailagoa zen, ebakuntza bat behar baitzuen.
Arzallusek, Irungo Harrera Sarean parte hartzen ari zen egun batean —2018ko urriaren 25ean— Miñan ezagutu zuen, eta bere ibilbidea kontatu zion. Gineatik atera zen, bere anaiaren bila. Lehendabizi Malira jo zuen, ondoren Aljeriara, eta azkenik, Libiara. Hara iristean jakin zuen anaia hil zitzaiola, patera batean Europara zeharkatzen ari zenean. Miñanek Europan bukatu zuen, nahiz eta hasierako helburua ez zen hori.