Bi enplegu plan, 160 kontratazio sustatzeko
Langabeei begirako 160tik gora kontratazio sustatuko ditu Errenteriako Udalak Lanbideren bidez bideratuko diren bi enplegu planekin. Enplegu plan orokorra da bata; bestea, Gazte Enplegu plana.
Langabeei begirako 160tik gora kontratazio sustatuko ditu Errenteriako Udalak Lanbideren bidez bideratuko diren bi enplegu planekin. Enplegu plan orokorra da bata; bestea, Gazte Enplegu plana.
120 kontratu horietatik 60 sektore publikoan egingo dituzte eta besteak beste, hiri mantenuan jardungo duten ofizial eta peoiak, udalaren sailetan jardungo duten administrari, administrari laguntzaile, harreragile, teknikari, eta dinamizatzaile lanpostuetarako izango dira. Kontratazio horietarako aukera izateko ezinbestekoa izango da bi baldintza betetzea: Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan lan eskatzaile gisa agertzea, eta bete beharreko lanposturako eskatutako ezaugarriekin bat egitea. 60 lanpostu horien zerrenda eta bakoitzaren eskakizun zehatzak aurrera argitaratuko ditu udalak, baina hainbat kolektibo lehenetsiko dituela jakinarazi du: eta Diru sarrerak bermatzeko errentaren onuradunak, 45 urtetik gorakoak eta 35 urtetik beherakoak, iraupen luzeko langabeak, alarma egoera ondoren lana galdu dutenak, gizarte bazterketa arriskuan daudenak, familia erantzukizunak dituzten emakumeak, eta genero indarkeriaren biktima diren emakumeak.
Gazteei begirako planean, berriz, diru sarrerak bermatzeko errentaren onuradunak eta 30 urtetik beherakoak izango dira kolektibo lehenetsiak.
Edonola ere, kontratatutakoen %40 gutxienez emakumeak izango dira, eta kontratatutakoen %15 gutxienez 55 urtetik gorakoak. Udalak, Oarsoaldearen bidez egingo ditu kontratazioak eta lanpostuaren arabera, lau eta hamabi hilabete artekoak izango dira.
105 kontratu alor pribatuan eta hirugarren sektorean egingo dituzte, eta enpresa pribatuei dagokienean, hiru eta sei hilabete bitarteko lan kontratuak diruz lagunduko dira lan jardun osoan zein erdian, eta enpresek 100 kontratazio egitea espero du udalak. Tamaina handiko zein txikiko enpresek egin ahal dute diru laguntza eskaera, edozein sektorekoak, eskualdeko enpresei zuzenduta dago eta eskualdeko langabeak kontratatzeko.
Azkenik, hirugarren sektoreko entitateei bideratutako kontrataziorako laguntzak izango dira, eta hortik bost kontratazio egitea espero dute planen arduradunek.
Lanbide zerbitzuan alta ematea
Udalak egingo dituen kontratazioak datozen hilabeteetan gauzatuko ditu urriaren 1a eta abenduaren 31 bitartean eta horretarako hautaketa prozesuak, datozen asteetan hasi beharko dituzte.
Planetan parte hartzeko, batean zein bestean, ezinbesteko baldintza da Lanbiden enplegu eskatzaile gisa alta egoeran agertzea, “hori dela eta, beren egoera zein den konprobatzea eta, beharrezkoa izanez gero alta emateko tramitazioa hastea gomendatu diete interesa duten herritarrei”.
Enpresek kontratazioetarako jaso ditzaketen laguntzen gaineko deialdiak datozen hilabeteetan egingo ditu Oarsoaldeak. Hala ere, datozen asteetan jakinaraziko dira zehaztapen gehiago, eta informazioa jaso nahi duten herritarrek Oarsoaldea Garapen Agentziara, zein Zu! Zure Udala zerbitzura jo ahal izango dute.
Lanbidek finantzatuko du bi plan horien zati bat, eta horien exekuzioa udalak egingo du Oarsoaldea Garapen Agentziarekin batera. Langabezia kopuruak jaistetik harago, hiru helburu zehatz dituzte bi plan horiek: Errenterian bertan zein Oarsoaldean enplegua sustatzea; langabeei lan merkatura sartzen laguntzea; eta lan merkatuan sarbidea lortzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea.