Bi bide eta jomuga bakarra
Pasa den urte amaieran izandako luiziengatik Ondartxo pasealekua moztarazi zuten. Bidearen itxierak ez zuen inor ezaxola utzi: batzuentzat borroka izan da, besteentzat amesgaizto.
Gaur, irailak 25 dituen honetan, 200 egun baino gehiago daramatza itxita San Pedroko Ondartxoko pasealekuak. Urte hasieran jazotako luizi batzuek ibiltokia oinezkoentzat arriskutsu bilakatu zuten, eta ordutik forma nahiz tamainaz aldatuz joan diren hesiek galarazten dute sarbidea puntetara eta farora doan bidera. Itxita dago.
Lehen itxitura ezarri zenetik sanpedrotarrek ez dute amore eman herriaren arnastoki bezala izendatu duten bidea ireki dezaten eskatzeko borrokan. Irmo altxa dute ahotsa, askotan.
Argibideak zeini eskatu behar zizkioten jakitea, baina, ez da gauza erraza izan: Pasaiako Udalak argi utzi zuen bide horren eskumena Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) zuela, baina aurrerago adierazi zuten beharrezko segurtasun lanak egiteko erantzukizuna zutenak, erortzeak gertatu ziren lursailen jabeak zirela.
Zein dira, baina, jabe horiek? Ignacio Arrieta da haietako bat. Sanpedrotarrak 1980ko hamarkadara atzera begirada egitera daraman istorioa kontatu dio Hitza-ri, luiziz, lanez, titularitatez eta ardura administratiboz jositako bidea eta amesgaiztoa aldi berean. Egun, San Pedroko pasealeku garrantzitsuena dena itxita mantentzen duen amesgaizto berbera, zenbaitentzat.
40 urte atzera
Luizien kontua ez da gauza berria, Arrietak gogoan du 1980ko hamarkadan Puntacrucesgo bizkarrean luizi «oso handia» izan zela, eta erortze horren kausaz daude, egun, euste hormak, buloiak eta sareak pasealekuaren amaierako bide zatian. Obra horiek Pasaiako Portu Agintaritzak egin zituen orduan.
2011. urtean lurra berriro behera etorri zen, Ondartxoko ontziolaren (egun Albaola dago) atzeko zabalgunean. «Orduko hartan nire lehengusu batek egin zituen mendia eusteko obrak, bere partzelan suertatu zelako luizia, eta udalaren errekerimenduari men egin ziolako», gogoan du Arrietak.
Pasealekuak sanpedrotarren bi altxorretara heltzea ahalbidetzen du
Azken luizi sorta (txikiagoa, aurretik izandakoekin alderatuz) pasa den urtearen amaieran hasi zen, azaroan Ondartxoko ontziola atzetik Kondemastira arteko eremuan hainbat harri erori zirenean. Lau hilabete geroago eremu berberean beste lur zati batek egin zuen goitik behera. «Azken bi hauek», zehaztu nahi izan du jabeak, «PPAk obrak egin aurretik zegoen tunelaren bide tartean».
Martxoan Portu Agintaritzak bidea itxi zuen eta, ordutik, sanpedrotarrek izan izan dute pasealekuaz gozatu. Asteen poderioz, herriaren ezinegona areagotuz joan zen, eta haien erantzuna grafiti moduan etorri zen ekainean, Kalparra inguruko lurrean Puntaseko bidea ireki zioen esaldi bat margotu zutenean.
Hilabeteek aurrera egin ahala egoerak berean jarraitzen zuen: bideak itxita eta erakundeen erantzunik ez. Ezinegona haserre bilakatzen hasia zen herriko zenbaitentzat.
Bide bat, bi altxor
Ondartxo pasealekua ez da bide arrunta, pasaitarrentzat altxor diren txoko bitara heltzea ahalbidetzen baitu: bokalearen amaierara iristen den bidea, Puntak pasaitarrentzat; eta, mendian gora, Platako Farolarakoa. «Herrian bi bide polit ditugu, eta biak itxita daude», dio Iñigo Barrenetxeak. Sanpedrotarra bideen moztearen aurrean bizilagunak jasan behar izaten ari diren utzikeriaz nekatuta dagoenetako bat.
Uztailean heldu ziren Pasaiako Udalaren berriak, Hirigintza zinegotzi den Nahikari Oterminek adierazi zuen, publikoki, luizia izandako partzelaren jabeei eskatuko zitzaiela beharrezko segurtasun lanak gauzatzea, eta haiek lehenbailehen egin ezean udala bera izango zela, modu subsidiarioan, lanei ekingo liekeena (jabeen kargupean).
Udala apirilean hasi zen partzelen titularrei errekerimenduak bidaltzen (horiek guztiak Arrietaren senitartekoak, bat izan ezik), eta ahal bezain laster bildu ziren Pasaiako Portu Agintaritzarekin eta udal gobernuarekin.
‘Ireki bideak’ izeneko lantalde bat sortu zuten hainbat herritarrek
Arrietak akordio batera heltzeko lehen bilkura horien berri eman nahi izan du: «Lehengusu-lehengusinen artean adostuta, lurrak donazioan ematea eskaini genion portuari, domeinu publikoaren arduraduna hura delako. Haren erantzuna izan zen ez zuela inolaz ere bere gain hartuko horren ardurarik».
Jabeei eskatu zitzaien erorketak jazotako eremuetakoa ez ezik, mendi magal guztiko diagnosi bat egitea, egoeraren berri emateko. Azterlan geoteknikoa eta baita finkatze obrak ere lursailen jabeen kargupean egin beharko zirela adierazi zien Agintaritzak.
Bien bitartean, sanpedrotarrak ez ziren egonean gelditu eta uztailean manifestazio zaratatsu batek ehunka bizilagun bildu zituen kalean, kazola, danbor eta txindatek markatutako erritmoan utzikeriak sorturiko isiltasuna irmoki apurtuz. Bilkura horri jarraipena eman zion hurrengo astean asanblea batek, eta beste hainbat elkarretaratzek udan zehar. Itxiera salatzeko mural bat ere ipini zuten hesien gainean, herriko «birika» kendu zietela argudiatuta.
Protestei eta konponbideari oinarri finkoa eman ahal izateko Ireki Bideak izenarekin lantalde bat sortu zuten hainbat herritarrek, eta eskaera babesteko sinadura bilketa jarri zuten martxan.
Luizien sorburua
Zein da, baina, luizi horien sorburua? Erortzeak, bidea egiteko eta zabaltzeko, eta baita ontziola eraikitzeko ere, portuak garai batean egindako obretako ezpondetan gertatu dira. Horrek, erantzule bat bilatzekotan, PPA egiten du kalteen arduradun, Arrietaren ustez: «Nire iritziz, jabe izateak, bere horretan, ez gaitu gu arduradun egiten».
Edonola ere, azken asteotan egoerak hobera egin du eta akordio batera heldu dira jabeak eta udala; hasieran «bide burokratiko hutsetik, errekerimendu hotz baten bidez» sortutako harremanak «beste jite bat» hartu zuen hurrengo bileran, eta horri esker lehen proposamena —donazioarena—gauzatu ahal izan dute. «Gure ustez, konponbide onargarria da guztiontzat», dio Ignacio Arrietak.
Sailen jabe den familiak lurren jabegoa Pasaiako herriari eman dio
Familiak nabarmendu du sailen jabegoa Pasaiako herriari eman diotela, eta bizilagunentzat onuragarri izan litekeen akordioa lortzeak pozten ditu. Erabakia hartzeko egindako bidea ez da azaltzeko erraza, baina Arrietak uste du badela oraindik «kondaira moduko bat», lurren jabeei buruzkoa, non «jauntxoen aurkako joerari beti eusten zaion jendearen sentipen kolektiboan». Sanpedrotarrak argi utzi du eurak egiten duten lanetik bizi direla, eta ez, ordea, «balio eskaseko lur batzuetatik».
Erantzuleak erantzule, San Pedroko bizilagunek nabarmendu dute, egindako mobilizazio guztietan, euren xedea ez zela inori errua egoztea, baizik eta irtenbide bat bilatzea. Herriarentzat eta, bereziki, helduenentzat, horren garrantzizkoa den espazioa berriz ere gai zezaten lortzea. Helburua, finean, nahiz eta arrazoi ezberdinengatik akaso, berdina da inplikatutako alde guztientzat: Ondartxo pasealekua berriz zabalik ikustea.
Luizitik zazpi hilabete baino gehiago igarota, argia ikus daiteke orain arte ilunpean egon den bidearen amaieran. Izan ere, Nahikari Oterminek iragarri du lanak hilabete baino lehen hasteko asmoa duela udalak.