«Garrantzitsua da bertan erostea, herria bizirik mantentzeko»
Errenteriako historian ere ekarpena egin du eta egiten jarraitzen du komertzioak. Saltoki txikirik gabe, kolore bakarra eta bizitzarik gabekoa litzateke herria. Beren garrantzia aldarrikatu dute.

Errenkoalde merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu elkarteko zuzendaritzako kideak dira Ainara Medina eta Irati Aizpurua. Medinak moda eta osagarrien denda du, Lirain; Aizpuruak berriz, argazkilaritza denda, Foto Valentin. Komertzioak, bertako saltokiek herriari bizia ematen diote, hala nabarmendu dute: «Imajina dezake inork komertziorik gabeko herria?». Zalantzarik gabe, horrek kolore bakar, triste bihurtuko luke herria. Jende ausartaren beharra nabarmendu dute, «denda bereziak zabalduko dituztenak». Herriko establezimenduek egin diote ekarpena herriari, eta horretan jarraitzen dute, kaleei kolorea eman eta bizia eskaintzen. Horren harira, deia egin diete herritarrei Aizpuruak eta Medinak: «Herriko saltokietan erostea beharrezkoa da haiek bizirik mantentzeko».
700 urte bete ditu Errenteria hiribildu izendatu zutenetik. Bide horretan zein garrantzia izan dute komertzioek?
Ainara Medina: Komertzioak beti izan du paper garrantzitsu bat herriaren bizitasunean, baita herritarren ohituretan ere, haiek mugitzeko garaian eragin du. Uste dut betidanik izan dela horrela, beti izan da garrantzitsua tokiko komertzioa eta hori mantentzen eta horretaz jabetzen jarraitu behar dugu.
Irati aizpurua: Kontuan hartu behar dugu, gainera, Errenteria nolabait eskualdearen, Oarsoaldearen erdigune izan dela, betidanik izan da erreferente eskualdean, hiriburua nolabait, eta komertzioei dagokienez ere hala da; hori beti izan da horrela, eta mantendu egin behar dugu .
Eskualde burua dela Errenteria aipatu duzue, eta Lezo, Oiartzun eta Pasaiatik jendea bertara etortzen dela, baita erostera ere. Gaur egun mantentzen da erreferentzialtasun hori?
Aizpurua: Dudarik gabe, jarraitzen du hala izaten. Bertan ez dituztelako zerbitzu horiek etortzen dira, edo hemen aukera zabalagoa dutelako. PERCO merkataritza sustatzeko plan bereziaren barruan datu estatistikoak bildu zituzten iaz; bertan eskaintza eta eskaera neurtzen da, besteak beste, eta emaitza izan zen inguruko jende asko bertaratzen dela erostera Errenteriara.
Zein izan da bertako establezimenduentzat garairik oparoena?
Aizpurua: Errenkoalde orain 26 urte sortu zen, eta garai hura oso ona izan zen saltokientzat, bertako komertzioarentzat. 1994az ari gara, eta 1990eko hamarkada nahikoa ona izan zen. Errenkoalde elkartea, jende askorekin, ilusio handiarekin sortu zen… Ama sorrera horretako partaide izan zen eta gogoan dut jendea zegoela elkartzeko gogoz, komertzio arteko sarea sortzeko ilusio handiz.
Zenbat establezimendu dira Errenkoaldeko kide eta zenbat komertzio daude denera Errenterian?
Aizpurua: Ez gara 150era heltzen, baina hortxe-hortxe gaude. Azken urteetan kopurua ugaritu egin da, eta azken garaian, pandemiaren harira, gehiago nabaritu da hori, Beraungo merkatari asko batu dira eta han ere piztu da gogoa zerbait egiteko, elkarlanean aritzeko.
Medina: Herriko saltokiei dagokienez, berriz, guk ez dugu datu hori, baina EUSTATen estatistiken arabera urteko lehenengo egunean 411 zeuden. Datua tentuz hartu behar da, halere, ez dakigulako nola hartzen dituen kopuru horiek; jarduera ekonomikoaren gaineko zergatik hartzen dituela uste dugu, eta gerta daiteke denda batek bi edo hiru epigrafe izatea denda bakarra izanik. Zehatz-mehatz ez dakigu, baina buelta horretan ibiliko da.
Zer suposatzen du elkartearen bueltan biltzea dendentzat?
Medina: Laguntza ikaragarria eta babesa. Edozein zalantzaren aurrean ez zaude bakarrik. Diru laguntza bat onartu dela, edo beste edozein konturen gaineko zalantzak dituzula elkarteko beste dendari bati galdetzen diozu. Azkenean gure artean asko babesten gara. Elkarteak gure artean harremanetan jartzen gaitu, eta bertako teknikoen laguntza eta aholkularitza dugu.
Aizpurua: Beste sektore batekoa izanda ere, denda baten esperientziak balio dizu bestearentzat, arazo eta zalantza antzekoak izaten ditugulako. Euskarri tekniko bat izateak asko laguntzen digu, baita sarea osatzea gure artean ere.
Bestalde, Errenkoaldetik antolatutakoen onura ez dugu soilik bertako bazkide garen establezimenduek jasotzen, herriko guztiek jasotzen dute onura azken batean. Bazkide izan edo ez, guztiengan du eragina.
Medina: Aipatu beharra dago, gainera, Komertzio Mahaia dagoela udalean eta bertan gure beharrak plazaratzeko aukera dugula. Eskutik goaz udalarekin, eta bide zuzena dugu beraiekin harremanetarako. Aurrerapauso handia suposatu du horrek, garai batean saiatzen ginen bakoitzean horma baten kontra jotzea bezalakoa zen; orain behintzat entzuten gaituzte, elkarren berri zuzen-zuzenekoa dugu.
Ostari elkarteko bazkide diren ostalari eta merkatuko saltzaileak Errenkoaldeko bazkide dira orain. Berri ona da hori, zenbat eta gehiago izan, gauza polit gehiago egitea dugu, eta indar gehiago izango dugu.
Supermerkatu handiak. Batzuk daude inguruan, eta beste batzuk eraiki nahi dituzte. Nola eragin dio komertzioari?
Aizpurua: Zaldunbordakoa izan dugu azken saiakera hemen inguruan. Imajina ezazu, ohiturak aldatzen badira eta jendea joaten bada larunbat goizean edo arratsaldean halako leku batera herriak itzalita gelditzen dira, jenderik eta bizitzarik gabe. Garrantzia handia dauka eta eragina itzela ostalaritzan, komertzioan, herriko giroan.
COVID-19ak eragina izan du, baita komertzioetan ere. Elikagaien saltokiek edo botikek lan eskerga izan dute; beste batzuk, berriz, itxita izan dira denbora luzean. Zuen kasuan argazki denda eta moda eta osagarrien denda dituzue. Nola eragin dio komertzioari?
Medina: Beldurra. Nik uste dut hitz horrek laburbiltzen duela ondoen izan dugun sentsazioa, ez genekien nola zabalduko genituen dendak, jendea etorriko zen erostera edo ez… Zalantza handiak izan ditugu, dena zen ezjakintasuna.
Eta jendea joan da erostera?
Medina: Hasieran bai, gerora pixka bat lasaitu da baina hasieran, eskerrak, etorri ziren eta behintzat gure zalantzak uxatu eta animoak eman zizkiguten. Jendeak herriko dendetan konfiantza duela erakutsi digu.
Aizpurua: Enpatia gehiago dagoela esango nuke nik. Ohartzen dira zein garrantzitsua den gure lana. Hasiera honetan jendea beste sentsazio batekin dabil, eta zabalduta dago politikoki zuzena herriko komertzioan, bertako saltoki txikietan erostea dela; hori transmititzen du jendeak eta eskertzekoa da.
Zergatik erosi behar da herrian, komertzio txikian?
Aizpurua: Herri honetan jada ia denetarik dago eta uste dugu saltokietan dagoen jendea prestatuta dagoela, profesionala da, espezializatuta gaude eta atentzioa pertsonalizatuagoa da.
Errenkoalderekin ere, ikastaroak egiten ditugu egunera jartzeko. Saltoki handietara joaten bazara, etengabe aldatzen dituzte saltzaileak, baldintza oso kaskarretan dituzte…
Medina: Guk bezeroak ezagutzen ditugu eta tratu pertsonalagoa dugu beraiekin, gertutasuna ematen diegu. Kezkatzen gara kalitatearekin, ekartzen duguna ona izatea. Askotan pentsatzen dut bezeroen gustuekin arropa eta osagarriak aukeratzerakoan dendarako, eta hori ere eskertzen digute.
Aizpurua: Bezeroa itzuliko bada, ongi tratatu behar duzu, hori badakigu eta horretan saiatzen gara, arreta pertsonalizatua ematen.
Zein ekarpen egiten diozue Errenteriari?
Medina: Bizitasuna ematen diogu herriari.
Aizpurua: Erdiguneko kale batzuk dendarik gabe ikaragarri tristeak lirateke, baita erdigunetik kanpo ere.
Auzo batzuetan komertzio ugari desagertu dira aspaldiko urteetan. Zer suposatzen dute dendek auzoetan?
Aizpurua: Auzo batzuetan merkatari asko daude, Beraunen eta Iztietan kasu. Auzoak herri txiki baten modukoak dira. Parke kalean bizi naiz ni eta bertara duela 25 urte heldu nintzenean denetarik zegoen, taberna mordoa, arrandegia, harategia… Bizitza pila zegoen; gaur egun ia-ia ez da ezer gelditzen. Bizitza aldatu da, eta dena aldatu da.
Medina: Konfinamenduan kilometro batera mugitzea zegeola eta, jendea ohartu da bertan etxetik gertu badagoela komertzioa, Beraunen bertan adibidez. Beraungo merkatariak indartu dira eta erabaki dute elkartzea jendea bertako komertzioetan erostera animatzeko. Horren barruan, adibidez, antolatu zuten Beraun Bizirik kanpaina. Konfinamenduan auzoetan, etxe ondoan erosi dugu, eta orain ohitura horiek mantentzea litzateke gakoa, gertutasun hori garrantzitsua delako.
Nolakoa amesten duzue Errenteria etorkizunean?
Medina: Bizitzaz beteriko herri alaia irudikatzen dut. Horretarako denda bereziak zabalduko dituen jende ausart gehiago behar genukeela uste dut. Denda bat jartzeko ausarta behar zara.
Instituzioen aldetik laguntza gehiago ere beharko genuke.
Aizpurua: Azken urteotan Errenteria asko hobetu dela uste dut nik. Iztieta-Ondartxoko pantalana eta batelak Oiartzun ibaian gora eta behera ikustea ikaragarria iruditzen zait Oiartzun ibaia zer zen gogoratuta. Ibaiak asko irabazi du, eta horrekin, herriak irabazi du.
Artisau Auzoa proiektua abiatu du, bestalde, udalak, Alde Zaharrean, eta lehenengo artisau denda zabalik da Erdiko kalean. Halako saltoki bereziek aberasten dute herria eta komertzioa oro har, eta Zituene bezalako pasta obradore batek, adibidez, jende ugari erakartzen du. Artisautzarekin bultzada ematen ari zaio herriari eta merkataritzari.
Kultura ardatz nagusietako bat bilakatu du udalak ere, eta elkarlanerako bidea zabaldu daiteke hor, turismoa, ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuen artean. Kultura arloan apustu garbia dago eta iniziatiba ugari antolatzen dira; komertzio arloan antzeko zer edo zer egingo bagenu, ikaragarria litzateke. Hasi gara gauzak antolatzen.
Merkataritza sustatzeko nahikoa laguntza daude?
Medina: Sekula ez dira nahikoak. Hasieran behintzat eskasak dira, zailena hori da, denda zabaltzea, martxan hastea, hasiera hori. Une horretan laguntzarik ez da, ez bada Oarsoaldea Garapen Agentziaren aholkularitza teknikoa; baina diru laguntzarik ez da izaten eta hor da gehien behar den unea. Behin bidea egiten hasita izaten dira, baina hasterakoan ez dago laguntzarik.
Errenterian ia denetarik dago, denda aukera zabala. Zerbaiten falta sumatzen duzue?
Aizpurua: Nire lanbidearekin lotuta, emakume ezkongaientzako jantzien denden falta sumatzen dut. Garai batean izan zen bat, Olibet auzoan; ezkontzarako emakume jantziak eta jaunartzeko jantziak saltzen zituzten, baina itxi zuten, eta ordutik ez da halako gehiagorik zabaldu Errenterian. Beraunen badago festa arropa berezia saltzen duen denda, eta mantentzen da. Ezkongaien jantziak erostera Donostiara joaten da jendea.
Ezkontzen mundu horrekin lotuta, Banbola denda, adibidez, izugarria da. Donostiatik etortzen zaio jendea burukoak eta osagarriak erostera. Jantziak saltzen dituen dendarik, baina, ez dugu, gurea baino askoz ere txikiagoak diren herrietan badaude, baina gurean ez.
Medina: Zapata berezien denda falta dago, zerbait berezia nahi izanez gero, Donostiara joan behar duzu erostera. Aurretik esan dudana bezala, arriskatu behar da, eta hemen dagoeneko bi ideia eman ditugu. Jende ausarta behar dugu.