Joaquin Telleriak Pasaiako Portuko botere hutsunea beteko du
Eusko Jaurlaritzak presidente berriaren izendapena datorren astearteko kontseiluan onetsiko du. Honekin, Felix Garciandiak bere dimisioa aurkeztu zuenetik PPAn zegoen botere hutsunea beteko da.
Arantza Tapiak Gipuzkoako Lurralde Ordezkari den Joaquin Telleria proposatuko du Pasaiako Portu Agintaritzako presidente kargua har dezan. Izendapen hori datorren asteartean izango den kontseiluan onartu beharko du Eusko Jaurlaritzak.

Joaquin Telleria Aguirrezabala. Argazkia: euskadi.eus
Telleriak 2016ko azaroan hartu zuen Jaurlaritzako Ordezkari kargua, eta ordutik izan da Gipuzkoako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko kide. Horren aurretik, 2013tik hasita hiru urtez izan zen Baliabide Orokorren Zuzendari (Ogasuna eta Finantzak).
Kargu hartze berriarekin aurreko presidenteak (Felix Garciandia) bere dimisioa aurkeztu zuenetik, uztaila amaieratik, hain zuzen, PPAn zegoen botere hutsunea beteko litzateke. Presidente ohiak bere agintaldian zehar jasan behar izan zuen jazarpena salatuz utzi zuen kargua.