Pasaiako euskarazko irakurketa kluba martxan da berriro
Azken hilabeteetan online aritu ostean, Pasaiako liburutegietako solasaldi presentzialei berrekingo zaie urriaren 19an. Saioak hileko hirugarren astelehenean izaten dira.
Pasaiako liburutegietako euskarazko irakurketa kluba martxan da, berriz ere, modu presentzialean. Azken hilabeteotan, COVID-19ak eragindako larritasun egoeraren ondorioz, solasaldiak online egin izan dituzte taldeko kideek; Trintxerpeko liburutegira bueltatu ahal izango dira urriaren 19an, ohiko jardunari berrekiteko, Slavenka Drakulic idazlearen Han ez banengo bezala liburua lantzeko.
Saioak hileko hirugarren astelehenean izaten dira, 19:45etik aurrera, urritik ekainera. Solasaldien moderatzailea Xabier Etxaniz Rojo idazle pasaitarra izango da 2020-2021 ikasturtean, eta estilo ezberdinak jorratzen dituzten liburuak landuko dira urtean zehar, euskal idazleenak batzuk eta itzulpenak besteak. Taldeari batzea doakoa da eta edonork egin dezake liburutegien helbide elektronikora mezu bat bidaliz.