Euskarazko aisialdia bermatzen jarraituko du udalak
Diruz lagunduko du Lezoko Udalak aisialdiko zuzendari eta begirale titulua.
Diruz lagunduko du Lezoko Udalak aisialdiko zuzendari eta begirale titulua. Diru laguntza eskatzeko, Eusko Jaurlaritzak homologatutako ikastaroa eta titulazioa behar du izan, euskaraz egin behar da, eta Lezon erroldatuta egon.
Diru laguntza lerro horren berri emateko agerraldia egin dute gaur goizean Jesus Mari Martiarena alkateak, Ion Pombar Kultura zinegotziak eta Jose Mari Iraola Euskara teknikariak Kultura aretoan.
Ez du udalak begirale ikastarorik antolatzen, baina bai diruz lagundu. Bost urte dira diru laguntza lerro hori abiatu zuela Lezoko Udalak Pombarrek nabarmendu duenez, “euskara sustatzea dute helburu”.
Jose Mari Iraola Euskara teknikariak eman ditu zehaztasun gehiago diru laguntza lerro horren gainean. Udalak, euskara eta kultura arloetan hainbat programa dituela martxan esan du aisialdiari begira ere haur eta gazteei zuzenduta, “horietarako begirale euskaldunen beharra izaten da beti, eta titulazio ofiziala dutenak. Programa horietan ditugun begirale beharrak asetzeko ikastaroak ez ditugu antolatzen udaletik, beste udal batzuk egiten duten moduan, ez dagoelako halako eskaerarik, Lezoren kasuan zaila da 20 gazte biltzea halako ikastaroa egiteko. Horren ordez, diruz laguntzen ditugu titulazio hori lortzen duten gazteak”.
Ez direla asko izan diru laguntza hori eskatu dutenak diru laguntza lerroa eskaintzen denetik ere esan du, “bost urte da martxan jarri zela, eta bi bat lagun izan dira urtero eskaera egin dutenak, baina aurten bost izan dira. Ahoz aho funtzionatu izan du, eta orain formalizatu egin nahi dugu, eta prentsaren bidez zabaldu; hori da agerraldi honen helburua”.
Matrikularen %100arekin laguntzen ditu udalak titulazioa lortu eta aurkezten duten lezoarrak.
Lezon duten begiraleen beharraren gaineko informazioa ere eman du Iraolak. Azaldu duenez, udalekuetan hogeitik gora begirale behar izaten dira, eta Kuadrillategi programarako hamabi, “kontuan izan behar dugu gainera, urte kopuru mugatua egin ohi dutela aisialdi zuzendari eta begiraleek lan horretan, 18 urtetik 23 urtera arte oro har, eta aldaketa eta berritze beharrak dituela maiztasun handiarekin sektoreak”.
Apustua Lezo euskararen arnasgune izaten jarraitzea dela esan du azkenik Pombarrek, “Lezoko gazteei gainera lan aukera bat ematea suposatzen du. Askorentzat lehen lana izaten da, ni neu hala hasi nintzen lanean eta uste dugu aukera polita dela diru laguntza hori herriko gazteei begira”.
Euskara ikasteko laguntzak
Euskara eta arnasguneak aipatuta, gogora ekarri dute bide batez gaurko agerraldian, euskara ikastea ere diruz laguntzen duela udalak. Kasu horretan ere, matrikularen %100 itzultzen zaie %85eko asistentzia eta maila gainditu dutela ziurtatzen duten lezoarrei.