Itsasontzi baten arrantza-sarean topatutako giza gorpuzkiak Pasaiako Portura ekarri dituzte
Deskonposizio egoera aurreratuan zegoen gorpua Gipuzkoako itsasertzetik 9,5 miliatara arrantzan ari zen ontzi baten sarean atzeman zuten, hilaren 24ean. Gorpuzkiek aurreko desagerpenen batekin lotura ote duten ikertzen hasi dira.
Pasa den hilaren 24ean Gipuzkoako kostaldean, lurretik 9,5 miliatara, arrantza lanetan ari zen barku baten arrantza-sarean identifikatu gabeko giza-gorpuzkiak atzeman zituzten ontziko langileek. Itsasontziak Guardia Zibilaren Gipuzkoako Itsas Zerbitzuei abisua pasa ostean Pasaiako Portuan porturatu zen. Bertan baieztatu ahal izan zuen Polizia Judizialaren Unitate Organikoak deskonposizio egoera aurreratuan zegoen identifikatu gabeko gorpu baten arrastoak zirela topatutakoak.
Gorpuzkiak Donostiako Auzitegiko Institutu Anatomikora eraman dituzte. Dagoeneko martxan jarri da bai Frantziako nahiz Espainiako segurtasun indarren protokoloa, gorpuak aurretik izandako desagerpenen batekin lotura izan ote dezakeen zehaztu ahal izateko.